Bihar hasiko da Atlantikaldia jaialdia Errenterian

Musika eta kultur topagune bilakatuko da Errenteria bihartik 22ra.

Marea Biziak lelopean dator aurtengo Atlantikaldia jaialdia Errenteriara, bihartik 22ra arte luzatuko da eta aurkezpenean azaldu dutenez, aurreko urteetan egindako lanaren emaitza da eta sorkuntza abiapuntu duen programazioa ekarriko du.

“Itsas Elkarrizketen bidez, jaialdiaren lehen edizioetatik, jatorri anitzetako artistak harremanetan jarri izan ditu Atlantikaldiak ikuskizun bakarrak sortzeko. Orain arte, musika arloan landu izan dugu, batez ere, jaialdiaren zigilu bilakatu den egiteko modu hau. Baina aurten, elkarrizketa hauek beste esparru artistiko batzuetara ere iristeko ahalegin berezia egin dugu”, dio Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.

Dantzari dagokionean, Etxepare Euskal Institutuarekin, Errenteriako Ereintza Dantza Taldearekin eta Dance Base-rekin (Eskoziako Dantza Zentro Nazionala) elkarlanean Atlantik 1050 proiektua gauzatu dute.

Arte plastikoen alorrean, Savanna estudioaren eta Daniel Delgado Pistachie ilustratzaile mexikarraren lanaren emaitza da jaialdiaren kartela. Gainera, gastronomia erakustaldi bat ere izango da Mugaritz jatetxeko Javier Vergara eta Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarraren eskutik.

Aurreko edizioei jarraiki, jaialdia bi zutabetan oinarrituko da: “kultur topagune itzela eta musika jaialdi bakarra”, azaldu du Otaegik. “Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu publikoari ekintza anitzak eskainiz.

Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Informazioa eta egitaraua hemen.

Zabaldu: