'Erritu' (argazkia: Errobi Festibala)

Bihar hasiko da Errobi Festibala Itsasun

Uztailaren 25era bitartean, musika, sorkuntza, dantza eta erakusketak izango dira nagusi Itsasun.

Bihar, uztailak 22, abiatuko da Errobi Festibalaren 25. edizioa Itsasun. Ezkandrai elkartea da jaialdiaren antolatzailea eta adierazi duenez, “beste behin ere, mendia, denbora, ibaia eta herriaren xingolak zintzilikatuko dira Atharriko plazan uda beteko asteburu betez”.

Bihar, arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera jaialdiari 25 urte sorkuntza eta topaketa artistikoetan Itsasun solasaldi-kontzertuarekin. Honetan, Mizel Theret, Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Gabriel Durif, Beñat Achiary, Pantxoa Etchegoin, Kimu Txalaparta ariko dira.

Gaueko 21:00etan, berriz, Tunisia, Bretainia eta Libanoko musikariz osatutako Revolutionary Birds hirukotearen txanda izango da. Ondoren, San Salvador abesbatza igoko da oholtzara, eta egunarekin amaitzeko, Petite Planetes filma proiektatuko dute, zuzeneko musika eta soinuarekin.

Uztailaren 23an Jeremi Garat sohütarrak eta Maddi Oihenart elizako taulara igoko dira arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Oihan Oliarj-Ines eta Julen Achiary musikariek eta Itxaro Borda idazleak Memoriaren bonboa gerezien denboran izeneko solasaldian parte hartuko dute. Gaueko 21.00etan, berriz, Kimu Txalaparta Kimu Berriak lanarekin igoko da taulara eta Bilaka dantza konpainia Basaide koreografiarekin arituko dira. Egunarekin amaitzeko, Old School Funky Family taldearekin gozatzeko aukera egongo da.

Larunbatean, hilak 24, Beñat Achiary eta Pedro Solerrek Amores lana aurkeztuko dute 18:00etan, elizan. Ondoren Haratagoren txanda izango da. Dantza ikuskizunak ere izango dira, horien artean Kukai taldearen Erritu.

Festibala uztailaren 25ean, igandea, amaituko da ibilaldi artistiko batekin Itsusiko mendira. 11.00etan abiatuko dira Itsasuko haurtzaindegitik.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: