Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan izena emateko epea zabalik

Bilboko Jai Batzorde Mistoak eta Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatutako lehiaketa honetan izena emateko epea otsailaren 3ra arte egongo da zabalik.

Datorren otsailaren 15ean, larunbata, hasiko dira Bilboko Inauteriak, Kopla Txikien Lehiaketa berriaren seigarren edizioarekin. Txapelketa Bilboko Kafe Antzokian egingo dute, 19:00etatik aurrera. Bertan edozein taldek parte hartu ahal izango du, izan elkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konpartsa, abesbatza… Aurretik baina, parte hartzaileek hiru baldintza bete beharko dituzte: izen-ematea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide guztiek mozorrotuta parte hartzea.

Bilboko Konpartsetako kideek azaldu dutenez, izena emateko epea otsailaren 3ra arte egongo da zabalik. Honekin batera, koplaren letra ere bidali beharko dute parte hartu nahi dutenek. Bertsoak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke, beti ere kopla originalak eta argitaragabeak badira. Erabiliko den doinua herrikoia edo beren beregi sortutakoa izan daiteke.

Parte hartu nahi dutenek hemen daukate bete beharreko inprimakia. Modu berean, posta elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke inskripzioa eta letra honako helbideetara mezua bidalita: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus eta baekoralak@hotmail.com. Eskuz edo posta arruntaz ere eraman daitezke idazkiak Bilboko Konpartsen egoitzara (Zabalbide kalea, 5) goizeko 10:00etatik 13:00etara. Argibide gehiagorako, jo daiteke konpartsen federaziora (946 791 306) eta Bizkaiko Abesbatzen Elkartera (944 244 045).

Bilboko Aratusteetako kopla txikiak 1515. urtean jaso ziren lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri zionekoa, kopla horietan esaten ziren kritika eta sarkasmoak azaltzeko. Izan ere, kopla txikietan ohikoak dira kritika sozial eta politikoa, sarkasmoa eta ironia, beti umore handiz. Hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusi horiek musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarriekin nahasten dituzte gaur egun. Lehiaketa Bilboko Jai Batzorde Mistoak antolatzen du, Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin.

Zabaldu: