Marenek martxoaren 10ean eskainiko du zuzenekoa ( argazkia: BBK aretoa)

Bilboko BBK aretoak 2023ko musika-programazioari ekingo dio emakume musikarien akustikoen zikloarekin, besteak beste

Otsailaren 18an BBK Gertutik zikloaren hirugarren edizioa abiatuko da, formatu intimo eta txikiko kontzertu sortarekin. Honetan parte hartuko dute, besteak beste, Esti Markezek, Anne Etchegoyenek eta Marenek.

Gabonetako etenaldiaren ostean, zuzeneko musika itzuliko da otsailean, Bilboko BBK aretora. Lehenengo bi hitzorduak hileko lehen asteburuan izango dira. Otsailaren 4an, larunbata, Iñaki Urangak A buenas horas… ikuskizuna eskainiko du eta hurrengo egunean, otsailaren 5ean, Swing 2023 antolatu da, 20ko hamarkadako erritmo biziei eskainitako egun osoko egitaraua. Antolatzaileek zehaztu dutenez. “goizean dantza-klase irekia eskainiko da. Bertan Little Harlem – Bilboko Swing Dantza Eskolako maisuek swing, lindy hop, charleston… pausoak irakatsiko dituzte. Arratsaldeko 19:30ean, berriz, O Sister! taldeak kontzertua eskainiko du, eta goizean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera egongo da”.

Otsailaren 18an, larunbata, hileko hirugarren musika-hitzordua iritsiko da, BBK Gertutik zikloarekin. BBK aretoak urtero antolatzen duen kontzertu akustikoen zikloa da honakoa eta bertan, Esti Markez, Anne Etchegoyen eta Maren abeslari eta musikariak igoko dira oholtzara. Markez otsailaren 18an izango da Bilboko aretoan, Etchegoyen martxoaren 3an eta Maren martxoaren 10ean.

Programa honetako hiru kontzertuak 20:00etan izango dira akustikoan edo elektroakustikoan: sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai.

Zabaldu: