(argazkia: La Fundicion aretoa)

Bilboko Dantzaldia irailaren 24tik abenduaren 18ra izango da

Iratxe Ansa dantzari donostiarraren proposamen berriak emango dio hasiera jaialdiari.

Covid-19ak eragindako testuinguruari elkartasuna adierazi eta arteen sektoreari lagundu nahi dio Aurtengo Dantzaldia jaialdiak, osasun-protokoloek eskainitako arnas-guneak baliatuz eta euren lanari ikusgarritasuna emanez. 22. edizioa izango du aurten jaialdiak eta abenduaren 18ra arte luzatuko da.

Iratxe Ansaren proposamen berriak emango dio hasiera jaialdiari. Dantzari gipuzkoarrak Igor Bacovich-ekin batera Metamorphosis Dance konpainia sortu du eta Entangled Echoes ikuskizuna aurkeztuko dute Rekalde aretoan.

Irailaren 26 eta 27an, berriz, Dinis Machado portugaldarraren queer delakotik haratago doan performancea izango da La Fundición aretoan. Urriaren 18an izango da hurrengo hitzordua BBK aretoan. Bertan, Leonor Leal-en Nocturno ikuskizuna taularatuko da. Musikari bik eta bailaora batek fantasiazko ibilbide bat ehunduko dute insomnioan, memorian eta gurarietan.

Azaroaren 21ean, Guggenheim museora egingo du jauzi jaialdiak Ana Morales bailaora eta koreografoaren Suite – Sin permiso izeneko ikuskizunarekin. Ibilbide luzekoa da Morales eta dantza alorrean Giraldillo saria jasotzeaz gain, Lorca saria ere eskuratu zuen Dantzaldian taularatuko duen lan honengatik.

Abenduaren 3an, EHUko Bizkaia Aretoan Toni Jodar-en Hitzaldi dantzatuak I eta II izango dira. Hilaren 10ean berriz, Alondegiak Compagnie Wang-Ramirez-ek W.A.M. – We are monchichi lana hartuko du.

Jaialdia La Fundición-era itzuliko da abenduaren 12 eta 13an. Bertan, Elena Cordobaren El nacimiento de la bailarina vieja pieza ikusteko aukera izango dugu.

Abenduaren 18an, Zabalguneko Merkatuan Colectivo Glovo, Lasala, Zum Zum Teatre eta Julia & Alexaren eskutik, Lau pieza labur ikusiko ditugu.

Zinema ere izango da EHU eta Arkitektoen Elkargoarekin elkarlanean eta urriaren 28an Zinema (eta dantza) hiriak zikloa izango da. Bertan, Aresti dantza eskolako sortzaileekin zenbait masterclass ere izango dira.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: