Bilboko Euskal Museoak ‘Arzak bere saltsan’ izeneko erakusketa aurkeztu du

2021eko urtarrilaren 31ra arte bisitatu ahal izango da.

Luisa Lopez Telleriaren komisariotzapean, Arzak bere saltsan izeneko erakusketak Juan Mari Arzak (Donostia, 1942) sukaladariaren ibilbidea aztertuko du hainbat mahairen bidez, zeinak bere ibilbide pertsonal zein profesionalaren parte izan baitira, “Alto Vinagres jatetxeko mahaiez ari gara; 1897an ireki zen jatetxe hori”. Euskal Sukaldaritza Berria deritzon mugimenduaren funtsezko pertsonetako bat dugu Arzak, eta Bilboko Euskal Museora hurbiltzen denak mugimendu hori ezagutzeko aukera izango du 2021eko urtarrilaren 31ra arte. Horrekin guztiarekin batera, Hasier Etxeberria idazlearen testuak bildu dira; bere hausnarketek bildumaren pauso bakoitzari laguntzen diote.

Arzaken historiak hainbat aro ditu. Bere aiton-amonekin batera ekin zion bideari, ardo-upategi batean; hala ere, amaren jatetxean ikasi zuen sukaldean eta esperimentazioan aritzen.

Historia horren parte dira, orobat, Arzaken hamar mahaiak, erakusketa honetan bildu dituztenak. Batetik, mahaia altzari erabilgarri bat da; bestetik, Arzaken garapena erakusten du, baita haren jatetxearen bilakaera ere. “Dudarik ez, mahaiek azaltzen dute zer garen; haien inguruan elkartzen gara lanerako, jateko, edateko eta bizitzeko”, adierazi dute antolatzaileek.

Arzaken bizitzan, bai eta erakusketa honetan ere, emakumeek leku garrantzitsua dute. Bertan, bere familiako emakumeak agertzen dira jatetxearen historian zehar. Gaur egun, Elena alabak sukaldea eta jatetxea zuzentzen ditu aitarekin batera. Marta, artearen historialaria, Arzaken aholkularia da arte eta gastronomia gaietan. Aipagarria da baita ere, areto eta sukalde arduradunen lana. “Andre horiek denek gidatu dute euskal sukaldaritza nazioarte mailan hainbat urtez, eta gauzak irakatsi dizkiote”.

Erakusketa honen xedeetako bat da gastronomiari buruz beste ikuspegi bat erakustea. Arzaken jatetxeko mahaien bitartez, eta haren historia hurbilaren dokumentazioa bilduz, XIX. mendetik hasi eta gaur egun arte, “agerian geratuko dira hainbat aldaketa, sukaldaritzaren munduari, Juan Mariren ibilbideari eta euskal gizartearekin izan duen loturari dagozkionak. Hori azaltzeko balio dute altzariek, mahai-tresnek, dokumentu bitxi-bitxiek eta gaur egun memoria kolektiboaren parte bilakatu diren testigantza eta oroitzapenek”.

Erakusketak hausnarketarako aukera eman nahi dio bisitariari, “pentsa dezan ea zer baliok ahalbidetu duten euskal gastronomiaren fenomenoa zabaldu izana hala berton nola nazioartean. Hausnarketa horren baitan, erakusketak aztertu du nola lortu duten Arzakek eta beste euskal sukaldari batzuek, beren ofizioaren bidez, herrialdearen marka zabaltzea nazioartean. Hortaz, erakusketa honek orobat islatzen du ahalegin kolektibo baten historia”.

Horrenbestez, Arzak bere saltsan erakusketara bertaratzen diren pertsonek aukera izango dute euskal gastronomiaren, Arzak Jatetxearen eta hura ahalbidetu zuen familiaren historian sakontzeko. Upategiko mahaitik hasi eta gaur egungo abangoardiako jatetxeraino, “erakusketa honetan ikusiko ditugu ospakizunak, afaritara ateratzeko ohiturak, banketeak… Gastronomiaren historia sozial bat da. Ibilbide bat osatuko da euskal gastronomian barna, 1897tik hasi eta XXI. mendera arte, kulturako elementu garrantzitsu baten bidez: Arzak Jatetxeko mahaiak”.

Zabaldu: