(argazkia: Ondarroako Udala)

Lander Garrok irabazi du Augustin Zubikarai saria

Garrok urte guztia izango du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du.

Lander Garrok irabazi du Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera, urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Guztira, 29 proiektu aurkeztu dira lehiaketara eta Garrok aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.

Faith du behin-behineko izenburua Garroren proiektuak, eta bertan Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia kontatzen du, argazkilaritza ikastera joango da, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Eleberri-asmo honetan, “idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa” nabarmendu ditu, besteak beste, epaimahaiak.

Idazleak urte guztia izango du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du. Iazko saria Idoia Garcesek irabazi zuen eta beka hartatik sortu zen Mendiko gaitza eleberria.

Lander Garro 1975ean jaio zen Errenterian eta Hendaian bizi da gaur egun. Idazle gisa, besteak beste, Orain galdera berriak ditut ipuin liburua eta Kontrarioa eta Gerra txikia nobelak idatzi ditu. Ikus-entzunezkoei dagokienez, argazkilaritzan nabarmendu da, eta baita telebista saioen gidoi eta errealizazioan, eta zinemako zuzendaritzan ere. Azkena, Bi urte, lau hilabete eta egun bat, intsumisioari buruzko dokumentala.

Saria urriaren 30ean emango diote, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Zabaldu: