(argazkia: kafeantzokia.eus)

Bilboko Kafe Antzokiak mende laurden bat bete du

“Horrela ikusten dugu etorkizuna, emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”.

Kafe Antzokiak mende laurdena bete berri du, baina pandemiak “nahiko genukeenaren moduko lagunarte jendetsuan ospatzea eragotzi du, edonola ere, 25+1 urteurrena merezi duen moduan ospatuko dugu, eta mundiala izango da”, adierazi dute bertako kideek webgunean zabaldu duten ohar baten bidez.

Bilboko Antzokiak San Vicente zinema aretoa izandakoan ireki zituen ateak 1995ean. Erabateko zaharberritzearekin, besteak beste, jesarlekuak kendu eta erabilera anitzeko areto zabala bihurtu zuten. Euskararen irakaskuntzan zebiltzan irakasle batzuen gogoetatik abiatu zen proiektua: “Bilbon ikasleek ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukera falta nabaria zegoela ikusten zuten eta ikasketa prozesuan aurrera egiteko beharrezkoa zuten euskarazko aisialdia eta harreman naturalak euskaraz eskainiko zizkieten une eta guneak”.

Bestalde, Bilbon erreferentzia fisikorik gabe sakabanatuta zeuden milaka euskalduni euren hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko topagunea eskaintzea zen xedea, bertan euskaldun zahar, euskaldun berri eta ikasleek bat egin eta hizkuntza komunitatea trinkotuko zuen erreferentzia hori eraikitzea. Beraz, asmo horrekin abiatu zen Kafe Antzokia, baina berau auto-finantziazioaren bidetik bideragarria bihurtuko zuen ostalaritza proiektu batek lagunduta. Zentraltasuna bilatuz, Bilboren erdigunean kokatu zen proiektua.

Urte hauetako jardunbidearen ondorioz, erreferentzialtasun helburu horiek bete dira, Kafe Antzokia Bilboko zein kanpoko euskaldunentzat topagune ezagun eta irekia bilakatu baita. Bere jarduerak asko dira, egun eta orduaren arabera.

Kafe Antzokiko kideak atzera begira jarri dira orain, eta urte hauetan guztietan Kafe Antzokia posible egin duten guztiak izan dituzte gogoan, “teknikari, zerbitzari, programatzaile, sukaldari, zaindari, dj, garbitzaile, bulegari; bai eta Antzokitik pasa, tragoxka hartu, bazkaldu, kontzertua entzun, hitzaldira etorri, goizeko ordu txikietara arte dantzatu, artista, lagun, bidaide guztiak; eta bereziki, euskarak eta kulturak Kafe Antzokia bezalako espazioak behar zituela ikusteko argitasuna eta iragarmena izan zutenak. Bakoitzari eman nahi diogun besarkada, agurra, eskerra… lerro hauetan doakio”.

Pandemiaren eraginez, martxotik dago Kafe Antzokia itxita, baina egoerak “inoiz baino argiago erakutsi digu, eskutik helduta soka berean dantzatzeak, hartu-emanak, egiten gaituela “Gu”. Gu izate hori aldi oro lotu eta ospatzeko plaza gara. Bertan batu gara lagunekin, maiteekin goxo dantzatu, begiak liluratu, hunkitu, asaldatu, haserretu, adiskidetu, kaosa eta ordena… bizitza… Horrela ikusten dugu etorkizuna, emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”.

Bitartean, Kafe Antzokiak 25 urte egitasmoa aurkeztu dute. Bideo sorta honetan, bertatik igarotako artista esanguratsuak ageri dira, zuzeneko emanaldien zertzeladak, bai eta artisten beraien zein Kafe Antzokiko lagunen eta ikusleen testigantzak, azken finean lagunartean egindako saio bat dela azaldu dute bertako kideek. Bideo hauen bitartez, ekitaldi ugariren oroimena eta artisten iritziak, esperientziak edo emanaldiari eta ibilbideari lotutako momentu esanguratsuak ikus daitezke: kontzertuak, dantza, idazleak… Guztira 25 pieza.

 

 

 

 

 

 

Zabaldu: