Sail ofizialeko hiru kategorietan (FIK, DOK eta KRAK) 16 film luzek hartuko dute parte; eta Begiradak film laburren sailean bi ziklo berri izango dira: TBIQ+ eta Lotura Primarioak.
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak edizioa berezia izango du aurten, izan ere 20. urteurrena ospatuko du eta urte hasieran egin beharrean hil honetan atontzea erabaki dute antolatzaileek lehen aldiz, “kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera antolatu ditugu, ekainaren 23tik uztailaren 3ra eta Bilboko hainbat aretotan proiekzioak, solasaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan”.
Arriaga antzokian emandako prentsaurrekoan, lantaldeak edizio honetako programazio osoa aurkeztu du. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, “Zinegoak berregituratu egin da eta datak aldatu egin dira sentsibilizazioan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemaren eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen lagunduko duten iruditeria eta narrazio berriak bultzatuz”.
Era berean, edizio honetan “jaialdiak identitate aldakorretan jarriko du arreta, generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta”.
Film luzeen sail ofizialean, 16 film lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, Kanada, Libano, Suitza, Portugal edo Argentina herrialdeetakoak, besteak beste. “Programazioaren bidez, gai hauek jorratu nahi izan ditugu: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea (Lobo e Cão, Something You Said Last Night), gure gorputzekiko gozamena (Fierce: a porn revolution), sorlekura itzultzea (Liube), memorien artxiboa (Casa Susanna, Anhell69), zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka (Wildhood, Who Im not) eta beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa (Alteritats, De noche los gatos son pardos)”.
Horretaz gain, ikusleek film horietako zinemagile eta protagonistak izango dituzte aurrez aurre antolatuko diren solasaldietan. Besteak beste, Alteritats dokumentala zuzendu duten Alba Cros eta Nora Haddad Casadevall; edo Sirens dokumentalaren protagonista Lilas Mayassi eta Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidea.
Sail ofizialean lehiatuko diren 25 film laburrei dagokienez, Haurtzaroa eta nerabezaroa eta Emakume zuzendariak ohiko zikloez gain, jaialdiak bi ziklo berri izango ditu. Alde batetik, Lotura primarioak, honetan, lotura primarioei buruzko istorioak aurkituko ditugu, gure gurasoekin eta tutoreekin ditugunak, eta gure garapen emozionalean funtsezko espazioa direnak. Bestetik, TBIQ+ ziklo berria, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan hain ikusgarriak ez diren errealitateen istorioen lagina. Gainera, lehiaketa ofizialetik kanpo, Erroak ziklo klasikoa izango da, Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film laburrekin.
Jaialdia ekainaren 26an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian bertan egingo den irekiera ekitaldiarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskuratu daitezke). Gala Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiekin eta Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak jasoko du DAMAk babestutako Zinegoak 2023 Ohorezko Saria.
Aldez aurretik, ekainaren 23tik 25erako asteburuan, 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdia izango da. Ostiralean, Guggenheim Museoan, Nina Menkes zinemagile independentearen Brainwashed Sex-camera-power dokumental-saiakeraren proiekzioa izango da. Hurrengo egunean, hilak 24, Zinegoakek egun osoko programazioa antolatu du: Queer (Un) Belongings Eszter Katalinen emanaldiarekin La Sinsorgan; eta arratsaldean Bilborocken Dantzerti eta Musikenek bultzatutako Gure garaian antzezlanaren estreinaldiarekin, LGTBIQ+ adinekoen testigantzetan oinarrituta. Eguna Bira Kulturgunean amaituko da, BIZI. Bisexualitatea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpenarekin, Miren Narbaiza, La Furia, DJ Eromena eta DJ Clizen musika emanaldiarekin. Azkenik, igandean, Angeles Cruz ohorezko saridunaren eta Irantzu Varela kazetariaren arteko solasaldia egingo da Bilborocken, eta zinemagile mexikarraren hiru film labur proiektatuko dira.
Jarduera osagarriak
Proiekzioez gain, Zinegoakek hainbat jarduera osagarri ere antolatuko ditu ekaineko azken astean. La Fundición aretoak Gilkitxaro konpainiaren Identitarteak antzezlana hartuko du. Pabellon 6 espazioan Esaiozu X antzezlan eszenikoaz ere gozatu ahal izango da.
BilboArten, bestalde, bi saio berezi izango dira: Izaskun Arandiak zuzendutako My way out dokumentalaren aurkezpena; eta Angeles Cruzen atzera begirako bat, Nudo Mixtecoren proiekzioarekin.
Zinegoakek hainbat festa eta kontzertu ere antolatu ditu jaialdiari amaiera emateko; Chocolate Remix reggaetoi feminista; Paula Trama eta Barbi Recanatiren kontzertua Cabareten; eta 20. urteurreneko jaia Badulaken. Ekainaren 28ko arratsaldean, jaialdiak ez du jarduerarik programatu, Ekainaren 28ko Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko helburuarekin.
Aurten ere, Zinegoakeko atal profesionalak, ZG/PRO, protagonismo berezia hartuko du, programa zabala antolatu baitute Alondegia Zentroan. Besteak beste, estetika ez-bitarrari buruzko mahai-inguru bat egingo da, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko masterclassak egingo dira, hainbat Work In Progress proiektu aurkeztuko dira…
Jaialdiaren amaiera ekitaldia uztailaren 3an, astelehena, izango da Bilborocken, eta bertan XX. edizioaren palmaresa ezagutzera emango da. Amaitu ondoren, jaialdiak Filmin plataformaren leiho digitalean jarraituko du, eta sail ofizialeko hainbat film egongo dira bertan eskuragarri.
Aurten ZG Hedapena Euskal Herriko 50 herritan ospatu da eta lehen aldiz jaialdiaren aurretik egin da.
Egitarau osoa ikusteko, hemen.