Lau emanaldietarako sarrerak ekainaren 4an 11:30ean jarriko dira salgai www.donostiakultura.eus/sarrerak, www.victoriaeugenia.eus eta www.gorkaurbizu.eus webguneetan, eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Gorka Urbizuk lau kontzertu eskainiko ditu Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, azaroaren 13, 14, 15 eta 16an, modu horretan emango dio amaiera Tour Bat bira arrakastatsuari.
Lekunberriko musikariak Berri Txarrak eta beste hainbat proiektutan oso aktibo ibili ondoren (Peiremans, Katamalo…), horretaz guztiaz askatzeko beharra sentitu zuen duela lau urte. Gelditzeko unea zela pentsatu zuen eta denbora tarte horretan itzalean egon ondoren, Hasiera bat bakarkako diskoa plazaratu zuen iaz, sorkuntza prozesu berezi baten ostean.
Urbizuk bere burua berrasmatu eta musikari/ekoizle moduan aurrerapauso handia ematea lortu du diskoarekin. “30 urtetik gora daramatza taula gainean, sorkuntza lan etengabean. Hasiera Bat ofizio handiko lana da inondik ere: sosegua, detaile txikiak eta lilura kantuaren alde lerratzen diren soinuzko aterpe bat. Adibide gisa har genezake bere familiari idatzitako Etxe bat kantua, berriki Musikaren Akademiak euskarazko kanturik onenerako izendapena jaso duena”, adierazi du Donostia Kulturak.
Prentsa musikalean urteko lanik onenen zerrendetan agertu da bere diskoa eta, besteak beste, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi eta Musika Bulegoa Saria ere jaso du.
Nafarrak jotzen jarraitu du aurten hainbat auditorio eta jaialditan, Bakan I izeneko EP-an bi kantu berri kaleratzeaz batera (Herri txiki eta Etorkizuna ginenean). EP sorta baten lehendabiziko alea da hauxe eta, digitalaz gain, zazpi hatzbeteko binilozko edizioa aterako da laster.
Gainera, musikariak hurrengo kantuak Londresko Abbey Road estudio ikonikoetan grabatuko dituela iragarri du. Uda partean izango da hori.
Egun Amaia Miranda (gitarra), Karlos Arancegui (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikariekin lagunduta, Tour Bat bira Estatu espainiar, Kolonbia, Mexiko, Txile eta Argentinatik pasa eta Euskal Herrian berebiziko sona izan du, hainbat hiritan bizpahiru emanaldi jarraian eskainiaz. Azaroan amaituko du bira Gorka Urbizuk, merezitako atsedena hartu eta musika berria ontzeko asmoz.
Donostiako lau emanaldietarako sarrerak ekainaren 4an 11:30ean jarriko dira salgai www.donostiakultura.eus/sarrerak, www.victoriaeugenia.eus eta www.gorkaurbizu.eus webguneetan, eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.