Bizipoza elkarteak ‘Mundu berri bat guztiontzat’ izeneko egitasmoa aurkeztuko du larunbatean

Bizipozan dauden hamaika elkartek eta 34 euskal sortzailek elkarrekin sortutako hamabi kanta eta hamaika bideoklipez osatutako CD-DVDak urtarrilaren 23an ikusiko du argia.

Bizipoza izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 35 elkartez osatutako elkartea da. Hala, elkarte guzti hauek egiten duten lana eta lantzen dituzten baloreak gizarteratzea, bisualizatzea, sentsibilizazio lana aurrera eramatea, baliabideetan laguntzea eta gizartean euskaraz eta auzolanean elkartasuna sustatuko duen boluntario sarea osatu eta martxan jartzea ditu helburu Bizipozak.

Elkarteen elkarte hau 2019ko azaroan aurkeztu zen eta oraingoan beste urrats bat eman nahi izan du. Hala, elkarteen errealitate desberdinak ikusarazteko eta zabaltzeko asmoz, Mundu berri bat guztiontzat izeneko proiektua aurkeztu du, Bizipozan dauden hamaika elkartek eta 34 euskal sortzailek elkarrekin sortutako hamaika bideoklip eta hamabi kantuz osatutako egitasmoa.

Xabi Solano, Maite Larburu, Aiora Renteria, Eñaut Elorrieta, Miren Narbaiza edota Aitor Gorosabel abeslari eta musikariak, Amets eta Maddalen Arzallus, Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes bertsolariak, Leire Bilbao idazlea edota Itziar Ituño aktorea dira, proiektuan parte hartu duten euskal sortzaileetako batzuk. “Doinuak, hitzak eta irudiak elkartu nahi izan ditugu elkarteei gure babesa eta elkartasuna adierazteko”, nabarmendu dute. Xabier Zabalak konposatu ditu hamabi kantuak.

Abestiak eta bideoklipak egitasmoan parte hartu duten elkarteek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitateari buruzkoak dira. Elkarte bakoitzaren mezua musika, hitza eta irudiaren bidez gizarteratzeko helburu dutenak.

Hamabigarren kanta Joxe Mari Auzmendiren omenez sortu dute. Hik Hasiko kidea eta Bizipozako talde eragileko kidea izan zen eta iaz zendu zen. Berak sortutako letrarekin egin da abestia.

Kantak eta bideoklipak CD-DVD euskarri fisikoan bildu dituzte. Honekin batera, Eñaut Aiartzaguenak sortutako elkarteen ilustrazio bana, bakoitzaren deskribapena, ipuintxoa (sarrera) eta abestiaren letra dakartzan liburuxka ere egongo da eskuragarri urtarrilaren 23tik aurrera.

Zabaldu: