(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaidatz Txikia haur eta gazteentzako literatura sarian parte hartzeko deialdia zabalik da

Borja Alonsok eta Veronica Simonek emango diete hasiera edizio honetako kontakizunei. Proposamenak jasotzeko epea 2025eko otsailaren 13an amaituko da.

Bizkaidatz Txikiaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute gaur, haur eta gazteengan irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko asmoz.

Borja Alonsok eta Veronica Simonek emango diete hasiera edizio honetako kontakizunei. Horrela, Alonsok Zuhaitzaren desira izeneko euskarazko istorioa abiatuko du, eta Veronica Simonek, berriz, Los rostros de la selva kontakizunaren bitartez, gaztelaniazko istorioaren hasiera proposatuko du. Lehenengoaren testuak Maria Altunak ilustratu ditu eta Janire Orduna izan da bigarrenaren irudien sortzailea.

Parte hartzen duten haurrek edo gazteek istorioari, pertsonaiei eta hasierako lanari egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dute. Epaimahaiak hala ebazten badu, modalitate bietan irabazteko aukera ere izango dute. Horrela, Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten ari diren 16 urtera arteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan: haurren kategorian, I. taldean, 3. eta 4. mailako ikasleak aurkeztu ahal izango dira, II. taldean, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak; gazteen kategorian, III. taldean, 1. eta 2. mailakoak, eta IV. taldean, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak.

Kontakizunak jasotzeko epea 2025eko otsailaren 13an (ostirala) amaituko da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “testu guztiek, gutxienez, lau orrialde luze izan beharko dituzte, eta, gehienez, bost. Eskuz idatziz gero, letra argia erabili beharko da; ordenagailuz idatziz gero, berriz, Times edo Arial letra mota erabili beharko da (12 gorputza), DIN A4 orrietan, lerroarte bikoitza utzita”.

Idazlanak Laguntza – Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Bulegoan aurkeztu ahal izango dira (Diputazio kalea 7, 48008, Bilbo). www.ebizkaia.eus Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan ere aurkeztu ahal izango dira, bai eta erregistro publikoetan eta posta-bulegoetan ere.

Lehiaketarako oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna