Bertsozaleren arabera, ez dago saioak egiteko baldintza egokirik eta txapelketa atzeratzea erabaki du. Hala ere, plazak sustatzen jarraituko duela adierazi due, “kultura segurua delako”.
Udabarria Bertsotan amaitu da eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatuko duten bertsolarien zerrenda erabaki da. Baina, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, “zalantza eta bilera askoren ostean, Covid-19ak eragindako egoera tarteko, Bizkaiko Bertsozale Elkartean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki dugu, printzipioz, datorren urtera”.
Elkarteak nabarmendu duenez, “txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batetan parte hartu ahal ez izateak, Txapelketa osoa galtzea eragingo luke”.
Hala ere, Bizkaiko Bertsozale Elkartean uste dute Txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren, bestelako saio mota asko antolatu daitezkeela osasuna bermatuz. “Kultura segurua dela berretsi nahi dugu eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu”. Horregatik, udazken honetarako bertso saioen zirkuito txiki bat antolatzen ari dira. “Kulturak merezi duelako eta bertsozaleek ere bai”.
Aurrerago emango dituzte horri buruzko xehetasunak.