Bizkaiko emakume sortzaileen sarea ehuntzera datorren topaketa antolatu dute Bilbon

Sormenarekin lotutako esparru ezberdinetan adituak diren hainbat emakume bilduko dira datorren azaroaren 19an Euskalduna Jauregian. Goizean hiru mahai-inguru antolatu dituzte, arratsaldean berriz, poesia errezitalak, kontzertuak eta antzezlanak izango dira.

Bizkaian bizi edo lanean diharduten emakume sortzaileek hitzordu berezia izango dute datorren azaroaren 19an Bilboko Euskalduna Jauregian. Zelako Kultur Ideiak elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin BEST Topaketa antolatu du. Ekimenaren helburua, “Bizkaian bizi edo sormen lanetan diharduten emakumeentzako topaleku izatea da, elkar ezagutzeko aukera eskainiz, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko gunea eraikiz eta ertzetan daudenak erdigunera eramateko aukera paregabea proposatuz”, azaldu dute.

Mauricia Aldeiturriaga pandero-jotzaile eta abeslari handia izango da BEST Topaketen lehen edizio honetako irudia, zeberiotarrari omenaldi berezia eginez.  Ekimenean, literatura, musika, zinemagintza eta arte dramatikoan adituak diren emakume ezberdinek hartuko dute parte. Goizean gai ezberdinak jorratzeko mahai-inguruak egongo dira, arratsaldean berriz poesia errezitaldiak, kontzertu akustikoak eta bi antzezlanez gozatzeko parada izango da.

BEST topaketan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.best.eus webgunean eta publiko osoari irekita badaude ere, edukiera betetzekotan emakumeek lehentasuna izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek.

Egitaraua ikusteko, hemen.

Zabaldu: