Bizkaiko museoetako hainbat piezarekin erakusketa birtuala osatu dute

Hogeita hamar artelan baino gehiago egongo dira herritarren eskura maiatzaren 18tik hilaren amaierara arte.

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna da eta egoera ezohiko honen aurrean, erakusketa birtual handi bat egingo dute Bizkaian, bertako museo bakoitzaren pieza enblematiko, esanguratsu eta garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituena. Ekimen honetarako hogeita hamar museok baino gehiagok parte hartu dute beren objektu eta piezekin.

Hala, bisitaria erakusketa osatzen duten piezen multzora sartu ahal izango da eta lanei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izango du. Ikus-entzunezko hainbat baliabide eskuratzeko beta ere egongo da, aukeratutako pieza zehatzago ezagutu ahal izateko.

“Aukera paregabea da lurraldeko museoetako altxorrak bisitatzeko, eta artelan horien bidez gure historia, tradizio, ohitura, aisia, kultura, sinesmen, ekonomia, kirol eta artearen alderdiak ezagutzeko”, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Erakusketak antzinako hainbat osagai biltzen ditu, gai askori buruzkoak: Bizkaiko lehen biztanleak, lanbideak, arrantza, errementaritza, meatzaritza, ontzioletako lana eta jarduera industrialagoak… Piezek gerraz eta bakeaz hitz egiten dute, landa-guneetako bizitzaz eta herribildu eta hirietako bizitzaz, eta jakina, euskarari buruz ere bai.

Bizkaiko erakusketa birtual hau maiatzaren 18tik aurrera egongo da ikusgai eta hilaren amaierara arte bisitatu ahal izango da www.museoeneguna.eus plataforman.

Zabaldu: