(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko txakolina eta euskal komikia, bat eginda, apirilaren 2tik 10era

Txakomic egitasmoan haurrentzako tailerrak, dastaketak, musika eta marrazkiaren arteko fusioa, film laburren proiekzioak edota showcooking ilustratu bat izango dira.

Bakioko Txakolinaren Museoak eta Leioako Mendibile Jauregiak Txakomic ekimenaren bigarren edizioa hartuko dute aurten ere. Egitasmoak txakolinaren tradizioa eta euskal komikia uztartzea du helburu, “gure lurraldeko mahastizaintza-tradizioaren eta kulturaren arteko lotura”, zehaztu dute antolatzaileek.

Egitasmoa iaz sortu zen Bizkaiko txakolin-tradizioaren eta euskal komikigintzaren arteko lotura-prozesuaren ondorioz, “herritarrei uztartze berriak erakusteko asmoz, kasu honetan gure lurraldeko ardorik bereizgarrienaren eta marrazkiaren artekoa”, azaldu dute.

Bigarren edizio honetarako antolatutako jarduera-programa apirilaren lehen asteburuan abiatuko da Mendibile Jauregian (apirilaren 2an eta 3an) eta bigarren asteburuan amaituko da (hilaren 9an eta 10ean) Bakioko Txakolingunean. Bertan, haurrentzako tailerrak, dastaketak, musika eta marrazkiaren arteko fusioa, film laburren proiekzioak edota showcooking ilustratu bat izango dira. Jarduera hauetan izena emateko uribe.eu/ms webgunea jarri dute martxan.

Egitasmoa abian jartzearekin batera, iaz abiatutako argitalpenen edizioarekin jarraitu nahi izan dute aurten ere. Lehenengoak, Historias con txakoli izenekoak, iaz eta aurten argitaratu diren bost komiki eta aurtengo apirilean eta ekainean argitaratuko diren beste bi hilabeteroko bilduko ditu. Istorio horiek guztiek txakolina dute protagonista eta banaka eta kronologikoki argitaratzen ari dira https://bizkaikoa.bizkaia.eus/eta https://bizkaikotxakolina.eus/eu/ webguneetan.

Gidoilari bakarra dute, Mikel Begoña, baina hainbat ilustratzailek hartu dute parte. Zazpi kapituluz osaturiko liburukia aurtengo abenduan argitaratuko da eta txakolinaren izaera beste belaunaldi batzuei transmititzen lagunduko die. Bigarren argitalpena Historia del txakoli liburua izango da, eta aurtengo abenduan argitaratuko da. Komiki honen bidez, txakolinaren hasieratik gaur egunera arteko bilakaera islatzen da, modu dibertigarri batean, baina zehaztasun historikoarekin.

Zabaldu: