(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko txakolinak eta euskal komikiak bat egingo dute aurten ere

Apirilaren 27an eta 28an Txakomic jaialdia Bakioko museoan garatuko da. Jaialdiaren bigarren asteburu honetan herrialde protagonista Mexiko izango da.

Bakioko Txakolinaren Museoak eta Leioako Mendibile Jauregiak Txakomic ekimenaren laugarren edizioa hartuko dute aurten ere. Egitasmoak txakolinaren tradizioa eta euskal komikia uztartzea du helburu, “gure lurraldeko mahastizaintza-tradizioaren eta kulturaren arteko lotura”, zehaztu dute antolatzaileek.

Txakomic ekimenaren laugarren edizioa Mendibile Jauregian abiatu zen apirilaren 20an, Japonia protagonista izan zuela, eta apirilaren 27an eta 28an jaialdi gastrokulturala Bakioko museoan garatuko da. Jaialdiaren bigarren asteburu honetan herrialde protagonista Mexiko izango da.

Hala, Mexikoko gastronomiak, komikiak, kulturak eta Bizkaiko txakolinak bat egingo dute jarduera honetan. Alebrije eta tako mexikarrak, musika eta era askotako txakolinak egongo dira.

Txakolinguneak dastatze berezi batekin ospatuko du bere hamargarren urteurrena. Alex Orbe ilustratzaileak bost botila dekoratuko ditu zuzenean, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren elaborazio mota eta etiketetan barrena ibilaldia eginez; lan horretan Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturako bost txakolinen eta ardoen sekretuak erakutsiko dituen Elena Urigüen sommelierraren laguntza izango du. Bitartean haurrek Museoko beirateak euren Mexiko partikular eta berezi bihurtzeko aukera izango dute Maria Altuna ilustratzailearen eskutik. Apirilaren 28an, igandea, Txokomexek showcooking oso berezia egingo du takoak egiten aitzindari izatera eraman duen esperientzia erakutsiz; kasu honetan, aldi berean, Janire Orduna ilustratzaileak herrialdea eta sortzen dituen sentsazioak irudikatuko ditu. Dastaketa Jose Mari Agirre Bizkaiko Txakolinaren Dastaketa Batzordeko kideak gidatuko du. Aldi berean umeek animalia fantastikoak, alebrijeak eta piñatak nola egin ikasiko dute Kike Infame ilustratzailearen laguntzarekin.

Jarduera hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea. Jarduerei buruzko informazioa bizkaikotxakolina.eus/txakomic webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu: