(argazkia: Iruñeko Udala)

Liburuak kalera aterako dituzte bihar Iruñean

Guztira hogei izango dira salmenta-postuak, eta bezeroei eta bisitariei liburuen ekoizpen prozesu osoa ezagutzeko aukera emango diete.

Iruñeko Udalak, Diego de Haro Liburu-denden Elkartearekin elkarlanean, Liburuaren eta Lorearen Egunaren beste edizio bat antolatu du bihar, apirilak 23, Karlos III.aren etorbidean, herritarrei haien materiala eskainiko dieten hogei bat liburu-denda eta argitaletxeren eskutik.

Goizeko hamarretan hasi eta gaueko bederatziak arte, etenik gabe, guztira 18 liburu-dendek –aurreko urtean baino bi gehiagok–, haien salgaiak kalera aterako dituzte hiriko kalerik jendetsuenetako batean, Karlos III.aren etorbidearen eta Orreaga etorbidearen arteko elkargunean, hain zuzen ere. Oraingoan, berritasun gisa, Nafarroako argitaletxeen sektoreko ordezkaritza bat batu da ekimenera. Horrela, liburu-denda bakoitzak jarriko dituen banakako 18 karpez gain, sei argitaletxeren artean partekatuko dituzten beste bi ere izango dira.

Guztira hogei izango dira salmenta-postuak, eta bezeroei eta bisitariei liburuen ekoizpen prozesu osoa ezagutzeko aukera emango diete. Irakurzaletasuna bultzatzeko, egun horretan, % 10eko deskontua izango dute erosketa guztiek, bai kaleko karpetan, bai liburutegi fisikoetan.

Liburuak sinatzea 

Horrez gain, Nafarroako Idazleen Elkarteak (ANE-NIE) hamabost bat idazle nafar eramango ditu Liburuaren Egunera, eta nahi dutenei liburuak sinatuko dizkiete. Sinatzea ordu-tarteen arabera antolatu da. Hala, goizean, 12:00etatik 14:00etara, Mireya Maldonado eta Ester Ortiz izango dira azokan. Arratsaldean, berriz, Diego Galindo (16:00etatik 17:00etara); Jon Aramendia, Mikel Chasco eta Nuria Viedma (17:00etatik 18:00etara); Marta Borruel, Luis Martínez Valles eta Javier Prats (18:00etatik 19:00etara); eta Per Gaztelu, Idoia Saralegui eta Maite Sota (19:00etatik 20:00etara).

Liburuaren eta Lorearen Egunaren edizio honi Josemi Albizuk eta Jokin Azketak, emango diote amaiera, 20:00etatik azoka itxi arte, 21:00etan.

Liburu bat eta arrosa solidario bat

Arrosak ere protagonista izango dira Liburuaren Egunean. Kataluniako Sant Jordiren arrastoari jarraituz egin ohi den loreen doako banaketak ekimen solidario bati bide eman zion iaz, eta edizio honetan berriro errepikatuko da. Hala, herritarrek gizarte-ekimenean lagundu ahal izango dute euro baten prezio sinbolikoan arrosa bat eskuratuz. Horretarako, loreak banatzeko stand bat prestatuko da berariaz, eta COCEMFE – Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Nafarroako Federazioko boluntarioak arituko dira bertan. Entitate hori aukeratu du Diego de Haro Nafarroako Liburu-denden Elkarteak loreen salmentarekin sortzen diren irabazien hartzaile gisa.

Bildutako diru guztia liburuak erosteko erabiliko du Diego de Haro Liburu-denden Elkarteak, eta liburu-sorta hori COCEMFEri emango zaio. Arrosa prezio sinbolikoan erosi ahal izateko azokan erositako liburu baten erosketa-tiketa aurkeztu beharko da.

Zabaldu: