Gasteizko Montehermoso Kulturunean izango da abenduareb 16an eta 17an.
Pandemiaren ostean, bere betiko formatuarekin itzuliko da Mazoka ilustrazio azoka Gasteizera abenduaren 16an eta 17an. Antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdi grafiko hau, aurten ere, marrazkiaren, ilustrazioaren eta arte plastikoen balio berriak ezagutzeko tresna bat izango da, eta baita herritarrengana ilustrazio eta arte aplikatuen estilo ezberdinak eta askotarikoak hurbiltzeko ere”.
Hala, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegiko ganga-formako aretoa mota guztietako teknika, euskarri eta neurrietako jatorrizko obrak erakusteko postuz beteko da: zeramikak, eskuz margotutako zapatilak, partxe edo jertse ilustratuak; bitxitegiak, baxerak, alfonbrak, beldurra kentzeko lanparak, posterrak eta pegatinak; Glicé eta Xuan papereko erreprodukzioak, serigrafia, risografia, sakongrabatuak eta litografia; artista-liburuak, pop up liburuak, haurrentzako liburuak, historiakoak, komikiak edo fanzineak; infografia zientifikoak, zurean, erloju-pieza zaharretan zein askotariko tresnetan eginiko ilustrazioa; mapak, katiluak, azulejuak, dioramak eta pokerrerako karta-sortak; whashitapeak eta giltzatakoak; kuxinak, mukizapiak, amantalak, diru-zorroak eta neska soinekoak; gozoki mexikar ilustratuak, hiri-harriak, matrioskak, urtaro-egutegiak eta papergintzako era guztietako objektuak, hala nola agendak, koadernoak, postalak, etab. Guzti-guztia edizio mugatuetan eta haien egileen eskutik.
Antolakuntzak iragarri duenez, “aurtengo 40 Mazokalarien artean ospe handiko izenak aurkituko ditugu, prestigio handikoak, hala nola Miren Asiain Lora, Bea Enriquez eta Celso Martnez”.
Aipamen berezia egin diete baita ere aurreko urteetan beka jaso zuten hiru ikasle mazokalariei: Mariñe Jauregi (2019), Paula Huarte (2020), Carmen B. Mikelarena (2021). “Artista horien proposamen berriak, askoz helduagoak, profesionalagoak eta osotuagoak dira eta hainbat sari eta aitortza jaso dituzte Mazokan haien aurkikuntza egin ondorengo urteetan. Bere garaian erakutsi zuten talentuak eta ordutik hona egindako aurrerapena dela eta, merezimendu osoa dute zortzigarren edizio honetan profesional gisa beren lekua izateko”.
Hasi da abenduaren 16ra arteko atzerako kontaketa
Azaroan zehar, sare sozialetan erakutsiko dira mazokalarien proposamenak eta, hilaren amaieran, VIII. edizioko kartela zein 2022ko abenduaren 16tik 18ra bitartean merkatuaren ospakizunean izango den jarduera paraleloen programa osoa iragarriko dira. Azokan bertan, jada klasiko bihurtu diren zuzeneko sormen jarduera eta txikientzako eta ez hain txikientzako ilustratoi eta dibutekaz gain, edizio honetako kartelarekin eta ilustratzaile protagonistarekin batera jakinaraziko den gai baten inguruko emanaldiak, erakusketak eta tailerrak ere egongo dira.