Bziber lehiaketaren bosgarren edizioa maiatzaren 13tik ekainaren 9ra bitartean egingo da

Bziber lehiaketa TikTok sarean oinarritutako euskarazko lehiaketen aitzindaria da.

Azkue Fundazioak gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko bi proiektu jarri ditu martxan: Bziber Lantegiak, gazteak sareetan trebatzeko ikastaroak eta Bziber lehiaketa, erronken bitartez TikTok sarean euskarazko edukiak sortzeko, baita erreferente euskaldunak indartzeko ere.

Lehiaketa honek bosgarren edizioa beteko du aurten, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesarekin. Edizio hau maiatzaren 13tik ekainaren 9ra bitartean egingo da eta lehiaketak iraungo duen lau aste baino gehiagotan gazteek lau erronka ezberdin egin beharko dituzte. Urte honetan, gainera, berritasun modura, gazteek modu pribatuan bidali ahal izango dituzte erronkak.

Edizio berri honetan, Asier Burguete, Go!azen telesailaren protagonistetako bat izango da lehiaketaren aurkezlea eta erronken sortzailea. Berarekin batera beste sei euskal tiktoker egongo dira Burguetek emandako erronkak egiten, besteak beste, @Kai_Nakai, @lorea_intxasuti, @libbetxxu, @elemelonsv, @anepe.acedo eta @julenportillo.

Guztira zortzi sari banatuko dira, proba bakoitzeko bi irabazle, eta zozketa bidez aukeratuko dira. Saria: sakelakoa kargatzeko aukera ematen duen motxila bat eta edozein lekutan sakelakoa kargatzeko bateria eramangarria, uneoro konektatuta egoteko asmoarekin pentsatuak.

Lehiaketari buruzko informazio guztia www.bziber.euswebgunean dago.

Zabaldu: