Zornotzako idazlearen bigarren eleberria da Cayo Hueso, aurretik Ibaiertzeko ipuina liburua kaleratu zuen. Oraingoan, desioaren eta nostalgiaren hausnarketa antzeko bat proposatzen du Amantegik.
Oihane Amantegi (Zornotza, 1985) idazleak bere bigarren eleberri laburra kaleratu du Cayo Hueso izenburupean. Donostian aurkeztu du lana elkar argitaletxearen eskutik eta azaldu duenez, Cayo Hueso Floridatik dingilizka geratutako azken uhartea da, Antillen erdian igeri, Kubaren eta kontinentearen erdibidean. “Bertan kapitain zahar bat topatuko duzue, otarrain-arrantzan ibiltzen dena eta berak kontatuko digu Cayo Hueson gertatzen den istorioa”.
Hantxe agertuko dira ere nobelaren gainerako protagonistak: Virgil musika kritikaria aurrena eta Maudey jazz kantaria gero, bere musika taldearekin eta pertsonaia horien arteko harreman pertsonalak agerian geratuko dira: “pertsonaia horien arteko desira, enkontrua, desenkontrua…”, dio idazleak. Finean desioaren eta nostalgiaren hausnarketa antzeko bat proposatzen du liburuak.
Elkar argitaletxearen hitzetan “aurreko liburuan, Ibaiertzeko ipuina, erakutsitako nortasuna eta dotorezia nabarmenak dira honakoan ere: maitemin istorio betikoaren bariazio jolasak, ñabarduraz betetako estiloa, film zahar bateko dekoratua dirudien jokalekua, belarrian gozo sartu eta bertan itsasten den musikaren oihartzuna… Bere laburrean gehiagoren gosez uzten gaituen testu perfektu bat da honakoa”.