Kartel, eskuorri eta egitarauen artean egindako 250 lan baino gehiagoren aukeraketa bat da. Ilustrazio grafikoak Donostia eta, hedaduraz, Gipuzkoa helmuga turistiko gisa iragartzeko hartu zuen protagonismoa erakusten du.
Donostiako San Telmo Museoak Clima ideal. Udako kartelak izeneko erakusketa ireki du urriaren 15era arte. 1880ko eta 1960ko hamarkaden artean sortutako 250 pieza inguru biltzen ditu; batez ere, kartelak. Mikel Lertxundi komisarioak erakusketarekin batera argitaratu duten katalogoan adierazi duenez,”Clima ideal, hau da, klima paregabea, dugu Donostia 1934an iragartzen zuen kartel baten goiburua. Izan ere, kartel hartan hiriko klimaren ontasunak lehenetsi ziren bereziki, ordura arte propagandan erruz aldarrikatuak ziren beste xarma askoren artetik”. Termometro batez baliatu zen Manolo Prieto bere diseinuan, uda partean batez beste neurtzen ziren 22 gradu zentigrado baretsuen berri zehatza ematearren, funtsezko erakargarritasuna baitzen datu hura Estatu espainiarraren barnealdeko muturreko tenperaturetatik ihesi babesleku bila zebiltzan bisitarientzat. Erakusketa honek, hain zuzen ere, bere egin ditu lelo horren oihartzun polisemikoak, hiriak, Gipuzkoak eta udan ugari antolatzen ziren ekitaldien antolatzaileek, ilustrazioa bidelagun, burutu zuten ekimen grafikoa agertzeko unean. XIX. mende bukaeratik eta XX. mendeko 60ko hamarkadako urteetara arte, aukerako klima baliatu ahal izan zuen turismo diseinuak bere garapenari begira: bat egin zuten ekimen hartan eskariak, talentuak eta produkzio bitartekoek, aukeraketa honen bitartez orain aurkezten ari diren ondare baliotsu honi bide emateko.
Erakusketak lagin txiki bat baino ez du islatzen nahiz eta oso zabala den. “Une jakin bateko xede iragankor batzuei begira itxuratu ziren kartel, eskuorri eta egitarau haiek guztiak. Euskarriaren indarraldi laburrarekin bat egiten zuten udako denboraldi eta ekitaldiak iragartzen zituzten. Sustatu eta sortu zituzten erakunde eta inprimategietako asko desagertu dira honezkero; ugari izan dira, halaber, lekualdatzeak eta artxibo-husteak; denboraren emanean, gerra zibil bat tarteko, ezin konta ahala nahigabe eta egoera lazgarri bizi izan dira, eta, horrenbestez, oso zaila da orain kartel haien lekukorik topatzea. Faktore multzo baten konbinazioari esker baizik ez dute iraun haietako batzuek gure egunetara arte, eta funtsezkoa izan da honetan guztian pertsona gutxi batzuek kartel haiek gordetzeko erakutsitako sentiberatasuna, kontuan harturik betiere haien arte balioa, garai bateko sormenaren berri ematen diguna. Ondarearen jagole haien arteko ditugu artistak berak; beren lanak ez ezik, lagunenak ere bildu baitzituzten kasu batzuetan”, dio Lertxundik.
Erakusketa honen lehen asmoa da kartel horiek sorrarazi zituzten testuinguruen berri ematea eta garai hartako marrazkilari hoberenen eskutik jaso zuten itxura grafikora iristeko eginiko bidea azaltzea. “Erakusketa osatzen duten ia 250 kartelen arteko batzuk oso ezagunak dira, beste batzuk ez horrenbeste, eta zenbaitek ia mende osoa egin dute argitaratu gabe. Multzoan harturik, turismo nortasun baten eraikuntzaren berri ematen digute”, azaldu du komisarioak.
Erakusketaren bitartez, kartelak komunikaziorako lortu zuen eraginkortasunaz jabetuko da bistaria, erakarpen-ahalmen handiagatik, eta artearen eta mezuaren artean sortu zen aparteko sinbiosiari esker. “Uztarketa horren emaitza kartel moderno eta abangoardisten ekoizpena izan zen, eta publizitateko amu bikain bihurtu ziren. Hainbat diziplinatako 90 artista inguru bildu ditugu erakusketa honetan; haiei zor diegu gaur egun ondare honetaz gozatzeko aukera izatea”.
Erakusketan aurkezten diren pieza gehienak San Telmo Museoaren bildumakoak dira, baina norbanako ugarik ere obrak utzi dituzte, baita zenbait erakundek ere, bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeen artean daude Baionako Euskal Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Euskal Museoa, Donostia Kultura Festak, Donostia, Tolosa, Zarautz, Hondarribia eta Errenteriako udalak, Euskal Itsas Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Zinemaldia.