‘Dantza’ filmari EZAE Saria

EAEko zine aretoen elkarteak Dantza filmak euskal zinema-industriari egindako ekarpena eta pelikularen arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna aintzat hartuko ditu V. EZAE Sariaren bitartez.

Aurten, euskal zinema-aretoen kudeatzaileek Telmo Esnalek zuzendutako filma saritu nahi izan dute. Mundu osoko hamar bat zinema jaialdietan proiektatu da Dantza, eta Donostiako Zinemaldian Glocal in Progress Industriaren Saria eta Glocal in Progress Saria irabazi zituen, 2017an eta 2018an, hurrenez hurren.

Aurreko urteetan, Loreak, Amama eta Handia filmek eta Juanba Berasategi zinemagilearen senideek jaso zuten saria.

Dantza filma

Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa.

Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da!

Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.

Zabaldu: