(argazkia: Iker Azurmendi)

‘Dantzaz ele. Jantziak’ erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo Museoak

Martxoaren 28tik apirilaren 23ra klaustroan eta elizan izango da ikusgai. Ehun manikik baino gehiagok ezagutaraziko dituzte Ipar Euskal Herriko lau dantzatan erabiltzen diren jantziak.

Donostiako San Telmo Museoak Dantzaz ele. Jantziak izeneko erakusketa ireki du apirilaren 23ra arte, klaustroan eta elizan. Proposamenak 2018an museoak abiatutako ildoari ematen dio jarraipena; izan ere, Aste Santuko oporraldian San Telmok tradizioekin lotutako programazioa eskaintzen du, Atzokoak gaur izenpean, aurreko urteetan lihoaren, artzaintzaren  eta saskigintzaren ingurukoak izan dira erakusketak. Aurtengo egitarauak, berriz, Ipar Euskal Herriko dantza tradizionalak izango ditu ardatz, Maritzuli Konpainiaren eskutik.

Dantzaz ele. Jantziak erakusketak Ipar Euskal Herriko lau besta tradizional ditu ardatz: Besta Berri; kaskarotak edo Lapurdiko inauterietako desfileak; kabalkadak eta tobera-mustrak; eta maskaradak, eta haien janzkera, esanahi eta kodeetan barneratzen da. Mendeetan zehar, dantza eta ospakizun hauek aldaketak izan dituzte, eta horietako batzuk desagertzear egon direla diote antolatzaileek.

Erakusketa honen bidez, ehun manikik baino gehiagok dantza hauetako protagonistak ezagutzera emango dituzte, bakoitzean erabiltzen diren jantziak erakutsiz. Muntaketak konpartsek behar duten egitura, antolaketa eta prestakuntza ere azaltzen da. Jantziekin batera, testuak eta irudiak daude, dantzak non egiten diren, ospakizunen egutegiak, motiboak, irudikatutako gaiak, parte-hartzaileak eta desfile bakoitzaren dinamikak kontatzen dituztenak, kultur ondare honen aberastasunera hurbilduz eta haren kodeak aztertuz eta xehatuz. Dantzan elkarteak egindako grabazioei esker, bestalde, badira ere dantza hauen inguruko hainbat ikus-entzunezko.

Erakusketarekin batera, haur eta familientzako jarduera programa bat izango da, gaia sakonago ezagutzeko eta dantza tradizional horien unibertsoan murgiltzeko. Apirilean zehar egingo dira jarduerak, batez ere Aste Santuko oporretan.

2020an Baionako katedralean aurkeztu zen erakusketa hau Maritzuli Konpainiaren eskutik dator, hogei urte baino gehiago daramatza dantzaren eta bere jantzien inguruko ikerketa eta irakaskuntza lanak egiten. Bere ekoizpenen kalitateagatik ezaguna da, eta etengabe garatzen eta berritzen du bere transmisio-jarduera, gero eta jende gehiagori zuzendutako ikuskizun, erakusketa eta hitzaldi ugariren bidez.

Zabaldu: