(argazkia: kaixomaitia.eus)

Haizea Cosgaya izan da Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen III. Lehiaketaren irabazlea ‘Hats Lurrina’ ipuinarekin

Zigor Saizar Getariarra izan da bigarren sailkatua Urbasako Dama kontaketarekin eta aurten ere, hirugarren postua lortu du Ernesto Prat Urzainki Berriozartarrak Distopia Bertikala lanarekin.

Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzarekin antolatutako hirugarren Kontaketa Erotikoen lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egin du, Donostian.

Bertan izan dira lehiaketara aurkeztu diren hamasei idazleetatik, zortzi finalistak. Iñigo Arandia Kaixomaitia atariko arduradunak hartu du ongietorrirako hitza eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, partehartzaileei, Elkar Argitaletxeari, antolaketan, sustapenean eta ekoizpenean bidelagun izateagatik eta Antxiñe Mendizabal editoreari eta Dorleta Kortazar ipuin kontalariari epaimahaikide lanak egiteagatik.

Urtero bezala zortzigarren postutik lehen postura izendatu dituzte Arandiak, Mendizabalek eta Kortazarrek saridun guztiak eta hauek saria jasotzera gerturatu dira oholtzara. Finalisten artean honela ebatzi dituzte epaimahaikideek hiru irabazleak eta 4-8 arteko postuen behin betiko sailkapena:

Hats Lurrina (Haizea Cosgaya), Urbasako Dama (Zigor Saizar), Distopia Bertikala (Ernesto Prat Urzainki),Sorginkerietan (Ugaitz Agirre), Ad Libitum (Mikel Casuso), Katarsia (Garazi Auzmendi), Etxeratutakoan (Urtzi Ruiz de Azua) eta On egin (Garazi Urretabizkaia).

Mendizabalek eman dio saria Haizea Cosgaya irabazleari. Epaimahaikidearen hitzetan, “drogak erabili izan dira kultura guztietan transgresiorako, eta sexua ere izan daiteke apurtzailea. Norbere mugak gainditzeko batez ere. Mongiak bereziki erabili izan dira zibilizazio askotan jainko-jainkosekin harremanetan jartzeko. Horixe bera gertatzen da ipuin honetako protagonistarekin, onddo aluzinogenoak jan eta sexu-esperientzia berezia izango du, ohi kanpokoa, errealitatearen eta fantasiaren muga-mugan”. Amaitzeko, Mendizabalek nabarmendu du lan irabazleak irakurlea mundu magiko batean murgiltzea eta gainera kitzikatzea lortu duela.

Lehen hiru sailkatuek 1000, 500 eta 250 euroko sari ekonomikoak, 100 euroko Elkar opari txartela eta liburu sorta jaso dituzte hurrenez hurren, gainerako sailkatuek, berriz, 100 euroko opari txartela eta liburu sorta.

Zabaldu: