Marina Lameirok zuzendutako 'Dardara' filma

‘Dardara’ Berri Txarrak taldearen filmak irekiko du Iruñeko Ikuspuntu jaialdia

Martxoaren 15ean izango da Marina Lameiro zinemagileak ondutako dokumentalaren estreinaldia.

2021eko martxoaren 15etik 20ra bitartean egingo da Ikuspuntu jaialdiaren 15. edizioa eta arduradunek dagoeneko programazioaren lehen xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan.

Hala, jaialdiak azken edizioetako ohiko programazioaren egitura mantentzearen aldeko apustua egingo du. Zazpi atal nagusi izango ditu: Sail Ofiziala, Atzera begirakoak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, X Films proiektua eta Hezkuntza Programa. Hautapen batzordea hasi da dagoeneko, Saio Ofizialean izena eman dutenen film guztiak ikusten, izan ere, Ikuspunturen apustu handienetako bat izango dira lan hauek. “2020. urtea ikus-entzunezkoentzat zaila izan bada ere, mundu osoko herrialde ugaritako 900 film inguruk eman dute izena”, diote antolatzaileek. “Oraingoz, deigarria da emakumeek eginiko pelikulen ugaritasuna, Estatu espainiar, latindar eta anglosaxoi jatorriko emakumeenak bereziki”, adierazi dute.

Egitarauari dagokionez, Marina Lameiro zinemagilearen Dardara filmaren estreinaldia nabarmendu nahi izan du antolakuntzak. Berri Txarrak taldearen azken birari buruzko dokumentalak emango dio hasiera jaialdiari.

Lameirok Lekunberriko taldearen Ikusi Arte Tour biran parte hartu zuen, 2019an. Bira horretan, taldeak amaiera eman zion 25 urteko ibilaldiari, unerik gozoenean zegoenean. Hala, Lameirok erretratu koral bat eraiki du, eta munduko hainbat lekutatik jasotako askotariko istorioak dira abiapuntu, baina bada istorio guztietan partekatzen den zerbait: Berri Txarraken musika. Filmean, taldearen abestiek utzitako hondarra ikusi ahal izango dugu, estilo batez –rocka–, hizkuntza batez –euskara– eta belaunaldi batez –taldekideena– haratago joan eta fenomeno unibertsal bat izatera iritsi den talde baten azken pausoen atzetik doan kontakizun batean. Martxoaren 15ean, astelehena, proiektatuko da filma.

15. edizioan planteatutako edukiei lotutako beste iragarpen handi bat Amos Vogeli eskainitako atzera begirakoa izango da, eta Nafarroako Filmotekan eskainiko da. Vogelek, Vienan jaiotako zinema programatzaileak, Cinema 16 sortu zuen New Yorken, Marcia Vogel emaztearekin batera. Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek zinema komertzialetan ikusi ezin ziren 16mm-ko filmak proiektatzen zituen. 50eko hamarkadan, elkarte garrantzitsuenetako bat izan zen New Yorkeko kultura giroan, eta haren bazkideen artean izen ospetsu ugari zeuden, hala nola Maya Deren, Jonas Mekas, John Lennon eta Leonard Berstein. “Ekimenak milaka pertsona mugiarazi zituen zinema aretoetara, eta balio itzela izan zuen zinemagile handien obra bultzatzeko”. 2021ean ehun urte beteko dira Vogel jaio zenetik, eta jaialdiak bere lana omendu nahi du, atzera begirako honekin.

Antolakuntza hainbat aukera aurreikusteen hasi da jada, martxoan eman daitekeen osasun egoerari erantzuteko. Jaialdiak saioak presentzialak izatea nahiko luke eta ohiko egoitzetan eskaintzea, betiere segurtasun neurriak beteta. Horretaz gain, edukien parte bat eskuragarri egongo dira plataforma digital batean, ikus-entzuleei beste erakusleiho bat eskaintzeko asmoz.

Gazteen Epaimahaia

Ikuspuntuk izena emateko epea ireki du, Gazteen Epaimahaiko kide izan nahi dutenentzat. Epaimahai horrek film onenarentzako Gazteen Saria ematen du urtero. Parte hartzeko interesa duten 18-25 urte bitarteko pertsona guztiek izena eman ahalko dute www.puntodevistafestival.com webgunean. Boluntario gisa aritzeko izena emateko epea jaialdiaren datak gerturatu ahala irekiko da, osasun egoeraren eraginez dauden aukeren arabera.

Zabaldu: