Marina Lameirok zuzendutako 'Dardara' filma

[BIDEOA] ‘Dardara’, Berri Txarraken biran grabatutako filma martxoaren 19an estreinatuko da zinema aretoetan

Filmean Lekunberriko taldeak utzitako arrastoa ikusiko dugu. Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, Marina Lameirok erretratu koral bat egin du.

Marina Lameiro (Iruñea, 1986) zinemagile nafarraren bigarren film luzea da Dardara, 2021eko martxoaren 19an iritsiko da zinema-aretoetara. Aurretik, martxoaren 15ean, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioa zabalduko du filmak.

2019an bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrak taldeak etenaldi mugagabea iragarri zuen, eta baita urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan aritu baitzen. Lameirok bertatik bertara jarraitu zuen bira hura eta bertan jasotakoak ekarri ditu Dardara film luzera.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, zinemagileak erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. “Filmean Lekunberriko taldeak utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo bat: rocka, hizkuntza bat: euskara, eta belaunaldi bat: bere kideena gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea”.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra jotzaile eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. “Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa”.

Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar Garcia Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Perez Martinezek koordinatu du Miguel Garcia Irabururen posprodukzioa. Alvaro Garcia Echeverria arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzalezek soinua editatu eta nahastu du. Amaitzeko, Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

Lameiro Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Juan Carlos Erregea Unibertsitatean (2004-2009). Hainbat dokumentalen produktorea, errealizadorea eta gidoilaria da, horien artean nabarmentzekoa da Young & Beautiful. Film luze horrekin 2018an Ikuspuntu jaialdian Publikoaren Sari Berezia, Alcances jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia, Numax saria Margenes jaialdian, Rizoma saria izen bereko zinemaldian, Latexos saria Novos Cinemas zinemaldian, D`A Film Festibalen epaimahaiaren aipamen berezia edota ECAM saria jaso ditu. Horrez gain, Tania Hernandez Velasco artista mexikarrarekin duen film-korrespondentziatik abiatutako Volando pero no film laburra zuzendu zuen. Lan horrengatik Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako ikus-entzunezko sorkuntzako bigarren saria jaso zuen 2016. urtean. 300 Nassau (2016) filmarekin Nafarroako Foru Arte Jaialdiko finalista izan zen eta Fordhameko zein New Yorkeko unibertsitateetan eta Bartzelonako L`Alternativa jaialdian erakutsi ahal izan zuen. Azken film labur hau 2014ko irailetik 2015eko ekainera bitartean sortu zuen, New Yorken, UnionDocs-eko artista egoiliar gisa , Collaborative Studioko (CoLab) kide zelarik.

Zabaldu: