Datorren larunbatean egingo da Hernandorena bertso saioa

Lehiaketa egin beharrean aurten, egun bateko bertso saioa antolatu dute Baionako Zizpa gaztetxean.

Bertsularien Lagunak elkarteak eta Euskal Kultur Erakundeak Hernandorena bertso saioa antolatu dute datorren larunbaterako, maiatzak 29, Baionako Zizpa gaztetxean, arratsaldeko 17:00etan.

Osasun egoera kontuan hartuz eta neurrien arintzea baliatuz, aurten ez da lehiaketa gisa egingo. Egun bateko bertso saioa izango da eta bertan, Irati Alcantarilla, Oneka Arteaga, Josu Txoperena, Nahia Sasco, Oier Urreizti eta Haira Aizpurua bertsolariek parte hartuko dute. Aritz Bidegain, berriz, gai jartzaile lanetan ariko da.

2005ean egin zen lehen aldiz Hernandorena Saria Bertsularien Lagunak Elkarteak antolatuta. Ane Labaka, Unai Gaztelumendi Maindi Murua, Maider Arregi eta Eli Pagola, besteak beste, izan dira urteotako irabazleak.

Ezpeleta, Azkaine eta Donibane Lohizunen hainbat urtetan bizi izan zen Teodoro Hernandorena zizurkildar bertsozalea eta kulturgilea zenaren izena darama bertso sariketak.

Hernandorenak hamaika urrats eman zituen bertsolaritzaren alde Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Izan ere, bertan, ez zuen Hego Euskal Herrian zegoen bertso‐girorik aurkitu, garai hartan Iparraldeko bertsolariek ez zutelako oso fama onik. Haren lanak, ordea, fruituak eman zituen eta Iparraldean herriz‐herri eta auzoz‐auzo ibili ondoren, Hernandorena izan zen Mattin eta Xalbador, besteak beste, lehen aldiz jendaurrean aurkeztu zituena, Donibane Lohizunen. “Mattin eta ni, Hernandorenari esker ezagutu gaitu Euskal Herriak”, zioen Urepeleko artzainak. Hori dela-eta urtero-urtero antolatzen da bertsolari gazteentzako Hernandorena Saria.

Zabaldu: