(argazkia: Udalbiltza)

Euskal artista eta udalerrien ordezkaritza zabal batek bat egin du ‘Geuretik Sortuak’ egitasmoarekin

 

Udalbiltzak proiektuari buruzko bi datu berri eman ditu aditzera: bost film laburrekin film luzea egingo duen ekoiztetxea Adabaki Ekoizpenak izango da; ipuinak, berriz, Udalbiltzaren izenarekin argitaratuko dira, profesional-talde baten laguntzaz.

Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren aurkezpen ekitaldia egin dute Oiartzungo Arizmendi Enea eraikineko lorategian. Zita honen helburua bikoitza izan da: batetik, proiektuan parte hartuko duten 26 artistek eta eurak jasoko dituzten udalerrietako ordezkariek elkar ezagutzea eta, bestetik, egonaldi artistikoen garaiari hasiera sinboliko bat ematea.

Duela hilabete eman zen aditzera kultur proiektu honen lehen edizioan parte hartuko duten artista eta udalerrien zerrenda. Idazle, zinegile eta antzerki konpainiak biltzen ditu zerrenda honek, eta helburua euren sorterritik at hiru astera bitarteko egonaldia eginez, obra bat sortzea izango da: 16 ipuin, 5 film labur eta 5 antzezlan. Obra guztiek egonaldia egin duten herri horren errealitatea islatuko dute modu batera edo bestera; beti ere, artisten sormen gaitasuna eta proposamen artistikoak errespetatuz.

Oiartzungo alkate Jexux Leonetek egin die harrera bertaratutako 60 bat lagunei. Ostera, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta Geuretik Sortuak proiektuaren arduradun politiko Koro Etxeberriak hartu dute hitza. Proiektuaren inguruko zertzeladak bota eta orain arte emandako pausuak zehaztu dituzte bien artean. “Covid-aren krisiaren kudeaketak argi utzi du kulturaren lekua bigarren plano batean dagoela instituzio batzuentzat; gizartearen borondate eta desirak, aldiz, lehen planora ekarri du ezinbestean, eta behar horri erantzun bat eman behar zitzaiola ikusi genuen. Erantzun hori herri bezala egin behar zela ikusi genuen hasieratik elkarrekin, elkarlanean, Euskal Herriko sortzaileak eta herriak saretuz eta bat eginez”, azaldu du Asurmendik.

Etxeberriak, bestetik, artistentzako deialdian horrenbeste proposamen jaso izana goraipatu du, euskal kulturak duen indarra lehen lerrora ekarriz, “argi gelditu zaigu eta berretsi egin dugu euskal kulturak dituen kemena eta kalitatea benetan handiak direla: 73 proiektu proposamen jaso genituen zinegintza, literatura eta antzerkitik. 28 film labur, 24 antzezlan eta 21 literatura proiektu denera. Benetan, gure zorionik beroenak denoi”.

Artisten eta udalerrien zerrenda aipatu ostean, orain arte eman gabeko bi albiste partekatuz eman diote Asurmendik eta Etxeberriak amaiera euren hitzartzeari. Izan ere, Udalbiltzak dagoeneko erabaki du zeinekin eta nola argitaratuko duen ipuin-bilduma eta film laburrez osatutako film luzea. Lehena Udalbiltzaren izenean argitaratuko da, beti ere edizio, diseinu, argitaratze eta banaketa lanak kudeatuko dituen profesional talde baten laguntzaz. Argitalpen horrek lizentzia irekia edukiko du, eta edizio fisikoan salgai egoteaz gain, Udalbiltzaren webgunean egongo da eskuragarri. Zinegintzari dagokionez, film laburrak koordinatu eta horiekin film luze bat egingo duen ekoiztetxea Adabaki Ekoizpenak izango da.

Protagonisten ahotik

Etxeberria eta Asurmendiren ostean, Geuretik Sortuak proiektuan paper protagonista izango duten horiei eman zaie hitza. Lehenik eta behin, artistak eta euren proposamenak jasoko dituzten udalerri partehartzaileen izenean, Berako alkate Aitor Elexpuruk hitz batzuk esan ditu. Proiektuan herri bezala parte hartzeak dakartzan erronkez eta onurez jardun du, baita, euren kasuan, ardura eta emaitza Lesakarekin batera partekatzearen inguruan. Izan ere, Bera eta Lesaka ez dira bakarrak proiektu honetan soinez soin parte hartuko dutenak: hala daude ere Bergara eta Antzuola, Araitz, Betelu eta Larraun, Ondarroa eta Berriatua, Atarrabia eta Uharte, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Andosilla edota Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre. Amaitzeko, Eñaut Castagnet zinegilearen proposamena euren herrian lantzearen poza eta ikusmina adierazi ditu Elexpuruk.

Ondoren, proiektuan lekua izango duten hiru arte diziplinetatik ordezkari banak hitz egin du: literaturaren kasuan, Itxaro Borda idazleak; zinegintzaren kasuan, Raul Barreras zinegileak; eta antzerkigintzaren kasuan, Metrokoadroka sormen laborategiko kide Idoia Beratarbidek.

Zabaldu: