Deabruaren Eskola, “testu ederrak irakurtzeko ataria” martxan

Irati Jimenez, Mikel Soto eta Esteban Montorioren asmoa irakurzaletasuna sustatzea eta literaturaren ezagutza zabaltzea da.

“Testu ederrak irakurtzeko leku bat”, halaxe definitu dute Deabruaren Eskola Irati Jimenez eta Mikel Soto idazleek eta Esteban Montorio diseinatzaileak deabruareneskola.eus atariaren bidez zabaldu duten mezuan. Hiruren artean jarri dute egitasmoa martxan, eta “literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat” dela diote. “Gustatzen zaizkigun testuak hautatu ditugu, ederrak eta edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beteak eta ezagutzaren aldekoak. Batzuk osorik daude eta beste batzuetan amua baino ez dugu bota, baina denetan seinalatu dugu testuaren jatorria. Gizalegeak agintzen duelako eta irakurri nahi duenak, irakurtzen jarrai dezan nahiko genukeelako”, adierazi dute. Jimenez, Soto eta Montorioren asmoa irakurzaletasuna sustatzea eta literaturaren ezagutza zabaltzea da.

Horretarako formatu askotariko testuak bildu dituzte: iraganeko testuak edota gaurkotasuna dutenak, atarian badira baita ere elkarrizketak, fikziozko eta ez fikziozko testuak, gutunak, kronikak, analisi kritikoak… “Gure ustez denak dira ederrak eta denak dira edertasunaren aldekoak. Ondo esanda dauden testuak gustatzen zaizkigu, ondo idatzita daudenak, gauza onak esaten dituztenak eta ondo dagoenaren aldekoak”, nabarmendu nahi izan dute egitasmo honen sustatzaileek.

Adierazi dutenez gainera, webgune honetarako beren-beregi sortutako testuentzako tartea ere badago. Orain arte 180 sarrerarekin hasi dira eta kopuru hori handitzea da asmoa.

Zabaldu: