(argazkia: Renata Etanowski)

Dejabu konpainiaren ‘Itzulera’ antzezlanak irabazi du 26. Donostiako Antzerki Saria

Epaimahaiaren iritziz, “umorez eta irudimen handiz, Dejabuk Mexikora egindako bidaia kontatzen digu. Bide berriak arakatuz, historia eszenan jartzeko elementu eta lengoaia desberdinak erabiltzen ditu emaitza biribila lortuz. Bisualki oso erakargarria da antzerkia eta zinema uztartzen dituen road movie hau”.

Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlanak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Mikel Mendartek (Kutxa Fundazioko Kultur Saileko zuzendari ohia), Agurtzane Aizpuruk (Hernaniko Udaleko Kultura arduraduna), Nagore Irastorzak (Zarauzko Udaleko Kultura arduraduna), Leire Otamendik (publikoaren ordezkaria), Alazne Corralek (publikoaren ordezkaria) eta Bertol Arrietak (publikoaren ordezkaria) osatu dute. Euren iritziz, “umorez eta irudimen handiz, Dejabu taldeak Mexikora egindako bidaia kontatzen digu. Bide berriak arakatuz, historia eszenan jartzeko elementu eta lengoaia desberdinak erabiltzen ditu emaitza biribila lortuz. Bisualki oso erakargarria da antzerkia eta zinema uztartzen dituen road movie hau”.

Epaimahaiak balioan jarri du, bestalde, objektu eta bideoen erabilera: “oso originala da, David Aguilarrek kamera esku artean duela antzezlanean grabatutakoa pantailara eramaten du eta kameraren perspektiba hori oso ondo uztartzen da narratiban. Horrek aberastasun handia ematen dio kontakizunari. Era berean, abestiak eta musika ere oso landuak dira eta ekarpen handia egiten diote antzezlanari. Lan osoa da, erritmo bizikoa, denboran eta lekuetan atzera-aurrera arin egiten duena eta umorea tresna gisa bikain erabiltzen duena. Horren ondorioz, publikoarekin lortzen duen konexioa erabatekoa da”.

Argumentuari dagokionez, “umorearen eta erritmoaren eraginez arina dela eman dezakeen arren, gai sakonak ere azaleratzen eta nabarmentzen dira antzezlanean”, adierazi dute epaimahaikideek. “Euskal sortzaileek bizi duten errealitatea islatzen dute: antzerki konpainia baten krisia, diru-laguntzen afera, aurrera egiteko zailtasunak, sormena eta abar”.

Aktoreen lana, bestalde, “bikaina” dela nabarmendu dute, “baita zuzendaritzarena ere”.

Azkenik, hizkuntzari erreparatuz, “nabarmentzekoa da euskaraz sortutako obra dela eta euskaraz ikus daitekeela bakarrik”. Euskararen kalitateari dagokionez, “egokia eta zuzena” dela aipatu dute.

Dejabu konpainiak 12.000 euro eta Nora Pilarte Galdona margolariaren lan bat jasoko ditu sari gisa.

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Saria eman ondoren, antzezlan irabazlea eskainiko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna