(argazkia: Patxi Gaztelumendi)

[BIDEOA] Delirium Tremens taldeak ‘Hordago’ lan berria kaleratu eta bira egingo du Euskal Herrian

Maiatzaren bukaeran Barakaldoko BECen kontzertu handia egingo dute Delirium Tremens taldekoek, Deskontrol eta McOnak taldeekin batera. Dagoeneko edukieraren hiru laurdenak salduta daudela aurreratu dute, eta pozik agertu dira.

Delirium Tremens taldeak estudioko bi disko eta zuzeneko bat grabatuta utzi zituen eskenatokiak aspaldi. Iñigo Muguruza taldeko gitarra-jolearen heriotzaren ostean antolatutako kontzertuan gogotsu aritu ostean, taldearekin berriz hastea pentsatu zuten mutrikuarrek. Estudioan sartu eta bi kanta grabatu zituen hirukoteak. Orain Hordago plazaratu dute, eta laukote bilakatu du taldea estudioko lanak. Haritz Harreguy teknikari eta gitarra-jolearekin hasi ziren diskoa grabatzen, Haritz bera musikari aparta izateaz gain pertsona ona izanik, inplikatzen hasi, ekoizpenean lagundu, abestietarako musika zorroztu eta grabatzen ari zela, taldekidek bat gehiago izatea proposatu zioten.

Diskoaren ekoizle eta teknikari izatetik, gitarrak grabatu eta taldekide izatera igaro da. Laukotea da berriz ere Delirium Tremens taldea. “Kantak konposatu, ondo pasatu -gaizki ere bai batzuetan- eta bidean lagun berri bat egin dugu”, esanez laburbildu du Andoni Basterretxea kantariak Hordago lanarekin gertatu dena. “Eta hemen emaitza: Hordago diskoa”. Zortzi abesti berri grabatu dituzte Haritzen Usurbilgo estudioan eta Mauka diskoetxearekin plazaratu. Orain zuzenekoekin abiatuko dira.

Azkena, EHZ eta Hatortxu Rock

Maiatzaren bukaeran, Barakaldoko BECen kontzertu handia egingo dute Delirium-ekoek, Deskontrol eta McOnak taldeekin batera. Dagoeneko edukieraren hiru laurdenak salduta daudela aurreratu dute, eta pozik agertu dira horrekin. Baina kontzertu gehiagoren berri ere eman dute, eta ez nolanahikoak. Ekainaren 17an Gasteizko Azkena Rock jaialdian arituko dira, uztailaren 1ean Irisarrira joango dira EHZ jaialdira eta 30ean Hatortxu Rock-en egongo dira jotzen. Kontzertu handi hauen aurretik, kontzertu txikiago batzuk prestatu dituzte, eta aurreko ostiralean esaterako Arantzako aterpean aritu ziren. Ostiralean grabatutako irudiak eta soinua ekarri dute beraien hirugarren bideoklipa osatzeko: Aio. Ondarroako Beikozini antzokian ere kontzertua emango dute datorren maiatzaren 14ean. Sarrerak zozketa bidez banatuko dituzte: ehun sarrera bikoitz.

Andoni Basterretxea abesten eta gitarra jotzen, Juantxo Yurrita baterian, Patxi Irisarri baxuan eta koroetan eta Haritz Harreguy bigarren gitarra bezala arituko dira aurrerantzean zuzenekoak eskaintzen. Disko berriko kantak, abesti zaharrekin tartekatuko dituzte, eta Arantzako Aterpera hurbildu zirenek, antza, kanta berriak ere gustuko izan zituzten.

Zabaldu: