(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Teresa Catalenek Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso du

Gazteei zuzendutako deialdian, Imanol Zubiauz gazte gipuzkoarrak Pidgin lanarekin eskuratu du.

Teresa Catalanek eraman du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek ere.

Epaimahaiaren ustez, “Catalan konposizio garaikideko egile ospetsu eta garrantzitsuenetako bat da gure herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferente da etikan eta irakaspenean. Sortzaile gisa, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa lortu du”.

Catalan konposizioko lehenengo emakume katedraduna izan da Estatu espainiarreko musika-hezkuntzaren historian, eta hainbat musikari belaunaldi trebatu ditu etengabeko bilaketan, hobekuntzan eta lanbidearen zehaztasunean. Hori dela eta, haren katedra erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat.

Era berean, konpositore eta irakasle gisa musikari eskaini dion dedikazio multiforme eta askotarikoagatik nabarmentzen da. Jarduera asko eta asko sustatu ditu sorkuntza garaikidea zabaltzearen alde, ikasle eta lankideen lana barne. Betiere interes kolektiboa distira pertsonalaren aurretik jarrita.

Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du sarituak konposizioan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin duen ibilbide luzea, izan ere, epaimahaiak nabarmendu du “eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua eman dio, kulturak eta, zehazki, musikak hazkunde pertsonalerako eta bizi-kalitate kolektiborako duen garrantziari buruz. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko partaide izanik, agerikoa da Teresa Catalanentzat kulturarekiko konpromisoa gure gizartearekiko konpromisoa dela”.

Imanol Zubiauzek jaso du Gazte saria

Arte Ederretan doktore den Imanol Zubiauz izen artistikoa duen 32 urteko gazteak lortu du aurtengo Gazte Saria Pidgin proiektuagatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.

Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da Pidgin, izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.

Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturen loturak, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. “Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude”, argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas-kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketa aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreprodukzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarrietan aditzera emango da. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Sariari esker, lana egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.

Zabaldu: