Igandean, ekainak 11, Olarizura bueltatuko da Arabako ikastolen aldeko jaia eta bildutako dirua Aguraingo ikastolarentzat izango da.
Ikastolen Elkartearen baitan Arabako zortzi ikastola daude eta denek erabaki zuten iaz bat egitea Araba Euskaraz jaia antolatzeko. Pasa den urtean bildutako dirua Argantzun ikastolarentzat izan zen, aurtengoan, berriz, Aguraingo Lautadak jasoko du. “Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean eta amets hori egia bihurtzeko ekinean ari hara”. Hala, Elkar- ekin jardun dute auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, “eskuz-esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatu eta gure harremana aberastuz. Horregatik, hemen gaude, berriro ere, ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko prest, aurretik beste askok egin izan duten bezala”.
Aurtengo edizioak hiru gune izango ditu: Lautada guneak, esaterako, arte eszenikoen emanaldia hartuko du Armentia ikastolaren eskutik, bertso saioa, zumba eta Tor magoaren ikuskizuna izango dira bertan. Erreka izeneko gunean, berriz, euskal dantzen topaketa egingo dute, Elkar-Ekin Dantzan! izenburupean. Azkenik, Mendia gunean, Potx eta Lotx pailazoek Aireportuan antzezlana taularatuko dute. Horretaz gain, Skabidean, Kerobia eta Akerbeltz taldeak, besteak beste, igoko dira oholtzara.
Hezkuntza eredua
Antolatzaileek azaldu dutenez, “ikastolen mugimenduan, gure hezkuntza eredua ez genuen sortu euskarak irauteko soilik; euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen eta horrela ari gara egun ere ekinaren ekinez”. Bide horretan, Araba Euskaraz Arabako bazter guztietara eramaten saiatu direla nabarmendu dute, urtean zehar eskualde bakoitzean antolatu dituzten kirol zein kultur ekimen desberdinetan dantzan, ibilian, kantuan zein pilotan arituz. “Euskarari eta euskal kulturari tokian-tokiko agertoki handi bat eskaini diogu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen”.
Elkartasuna eman eta jasotzen den altxorra dela diote antolatzaileek eta horixe bera dela Araba Euskaraz, “auzolanaren eta elkarlanaren bitartez eman eta jasotzen den elkartasuna”.
Lautada ikastola
Lautada Ikastola, ikastola txikia, gaztea, familia bat da. 2008an sortu zuten. Datorren urtean, beraz, hamabost urte beteko dituzte. “Hasieratik herriari lotuta gaude. Gure hezkuntza proiektuari bultzada eman nahi diogu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. Daukagun proiektu pedagogikoaz harro gaude eta lau haizetara zabaldu nahi dugu”.
Gainera, Agurainen eta Lautada osoan martxan dagoen euskalduntze prozesuan ahalik eta ekarpen handiena egitea dela diote. “Agurain euskaldun bat amesten dugu, Hori lortzeko, gure ereduan sinesten dugu. Kooperatibismoa eta erabakietan hezkuntza-komunitate osoaren parte hartze zuzenarekin egingo dugu hau edo ez dugu inoiz lortuko”.
Olarizun ospatuko duten Araba Euskarazen aurtengo edizioan, “zortzi ikastolok familia eta adin tarte ezberdinetako pertsonei aisialdirako eta ongi pasatzeko espazioak euskaratik eta euskaraz eskaini nahi dugu. Horrela elkar ezagutza sustatu, harremanak egiteko eta saretzeko topalekua izatea asmoa dugu”.
Jai egun polita izango dela azpimarratu dute, “euskal kulturaz gozatzeko eta gure herrian, Agurainen, norabide horretan lanean jarraitzeko sostengua eta bultzada jasotzeko ospakizuna izango da aurtengo jaialdia”.
Ekainaren 11an antolatutakoak helburu ekonomikoa ere badu, noski. Baina hori baino askoz gehiago ere badela diote. “Urte osoa daramagu lanean eta azken hilabeteetan egin dugun arren, datorren igandean aukera paregabea dugu gure proiektu pedagogikoa ezagutarazteko, gure izaeraren berri emateko, beste esperientzia batzuekin elkarlanean aritzeko eta Agurain eta Lautada euskaldunago baten alde egiten dugun lana ikusarazteko. Euskalduntze prozesua ezin da gure Ikastolaren lau hormen barruan geratu, herrian eta beste eragile askorekin batera, agente aktiboak bagara eta izaten jarraitu nahi dugu. Urtean zehar antolatzen ditugun ekintza eta beste hamaika ere, antolatzen jarraitzeko”.
Egitaraua, hemen.