(argazkia: Ondarroako Udala)

Diziplina desberdinetako sormena eta euskara ardatz hartuta egingo da Literatur Amuak jaialdia Ondarroan

Aurten ere herriko sortzaileek hartuko dute leku bereziena jaialdi honen baitan.

Diziplina desberdinetako sormena eta euskara ardatz hartuta abiatuko da gaur Literatur Amuak jaialdia Ondarroan. Augustin Zubikarai nobela lehiaketak emango dio hasiera jaialdiari. Aurtengo sariduna zein den ezagutu eta proiektua aurkeztuko du Kofradia Zaharrean, Joxemari Urteagarekin izango den solasaldian. Horrekin batera, iazko lehiaketa irabazi zuten bi idazleen nobelak ere aurkeztuko dira: Karmele Mitxelena Etxebesteren Zoriontasuna edo antzeko zerbait eta Gregorio Ramos Villanuevaren London Calling. Aurkezpen hauek Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenen eskutik izango dira. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa ere gaur egingo da, 18:00etan.

Herriko artistak

Aurten ere herriko sortzaileek hartuko dute leku bereziena jaialdi honen baitan. Juan Fernandez Egiguren argazkilariak, esaterako, Ondarrutarrak bildumaren II. atala erakutsiko du Udal Erakusketa Arteoan, urriaren 30etik azaroaren 10era bitartean: egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era ere bai.

Bihar, urriak 25, berriz, Josu Arrizabalagak Ondarru berbetan Ondarroako berba eta esaeren bilduma aurkeztuko du. Ondarroako Udalaren eskutik argitaratu duen liburua da. Biharamuneko 18:30ean, Unanue Kamara Koralak letragile euskaldunen errepertorioa eskainiko du Andra Mari elizan.

Hurrengo asteko larunbatean, azaroak 2, Mikel Etxaburu olerkariak Mattalingo alaba lan arrakastatsuan oinarritutako poesia musikatu ikuskizuna plazaratuko du Kofradia Zaharrean, 20:00etan. Mattalingo alaba, Saturrarango kartzelan egondako emakumeen bizipenak kontatzen dituen lana da.

Ikuskizun guzti hauetarako ez da behar sarrerarik, baina edukiera bete arte sartu ahal izango da.

Egitaraua

  • Urriaren 24an, 18:00etan, Kofradia Zaharrean. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa.
  • Urriaren 24an, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Aurtengo sariduna ezagutzea eta iazko irabazleen lanak aurkeztea.
  • Urriaren 25ean, 18:00etan, Kofradia Zaharrean, Josu Arrizabalagaren liburuaren aurkezpena.
  • Urriaren 26ean, 10:00etan, Txomin Agirre udal liburutegian, Liburuen Amuak, Joxemari Urteagarekin.
  • Urriaren 26ean, 19:30ean, Andra Mari elizan, Unanue Kamara Koralaren kontzertua: letragile euskaldunen errepertorioa.
  • Urriaren 27an, 17:30ean. Kofradia Zaharrean, Arimen gaueko kontakizunak, Debako Kontalariaken eskutik. Umeentzako BAKARRIK (4-10 urte).
  • Urriaren 31n, 19:00etan, Kofradia Zaharrean, Artxibo biluzia antzezlana, Metrokoadroka antzerki kolektiboaren eskutik.
  • Azaroaren 1ean, 18:00etan, Kofradia Zaharrean, haur eta helduentzako ikuskizuna.
  • Azaroaren 1ean, 19:00etan, Kofradia Zaharrean, bertso saio espekulatiboa: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina. Gai jartzailea: M.Berriozabal.
  • Azaroaren 2an, 20:00etan, Kofradia Zaharrean, poesia musikatua, Mikel Etxabururen Mattalingo Alaba liburuan oinarrituta.
  • Azaroaren 8an, 18:00etan, Etxelilan, solasaldia, Miren Agur Meabe idazlearekin.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna