Denetik izango da aurten ere Euskal Herriko azoketan: nobela beltza, emakumeek idatzitakoak, haur, gazte eta helduentzat literatura: liburu berriak eta ez hain berriak, oparitzekoak, auto-oparitzekoak, bidaiatzekoak….
Urtero hainbat ekimen egiten dira Euskal Herriko herrietan, euskara hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko: azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak…
Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta elkarren arteko harremanak elikatzen dituzte Doinuele sarean. Iruñeko Laban egin duten prentsaurrekoan elkarrekin aurkeztu dituzte aurtengo data zehatzak.
“Azokak janzten gaitu!”, mezua zabaldu dute aurten ere Doinueleko kideek, “jantzi, gorputza, burua, barru eta kanpo egin beharra dagoelako, arropa ez da nahikoa, janzteko. Liburuek ere janzten gaituzte. Modak garrantzi handia du gaur egun eta garrantzitsua da erabakitzea, zer jantzi, zer ez, nola…, zer irakurri, zer ez, nola…”, adierazi dute.
Nobela beltza, emakumeek idatzitakoak, haur, gazte eta helduentzat literatura: liburu berriak eta ez hain berriak, oparitzekoak, auto-oparitzekoak, bidaiatzekoak… Denetik izango da aurten ere Euskal Herriko azoketan.
Doinuele sareko 2026ko hitzorduak
- Baztanen, (H)ilbeltza, urtarrilaren 19tik 25era. Euskal nobela Beltzaren Astea.
- Oiartzunen, Literatura Plazara, martxoaren 9tik 22ra. Haur eta gazte literaturako altxorrak.
- Azkoitian, Geure Gelatik, martxoaren 26tik 28ra. Emazteen literatura.
- Zarautzen, Literaturia, maiatzaren 29tik 31ra.
- Ziburun, Euskal Liburu eta Disko Azoka, ekainaren 6an.
- Hernanin, (H)azoka urriaren 3an.
- Saran, Ikusi Mikusi, urriaren 9 eta 10ean. Haur eta Gazte Literatura Festibala.
- Oiartzunen, Hitzen Lihoa, azaroaren 9tik 15era. Euskal liburuen azoka.
- Lazkaon, abenduaren 11tik 13ra, Euskal Liburu eta Disko Azoka.
Doinueleko kideek nabarmendu dutenez, “azoken martxak etenik ez du, urte guztian, han ez bada hemen, izango da azokaren bat. Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun eta euskarak hain baitezpadakoak dituen arnas(g)uneak kolorez, doinuz eta elez jantzi eta apaindu ditzaten euskara hutsezko literaturak, musikak eta sorkuntzek, bertan bizitzea goxo eta atsegingarri gerta dakion euskalduna den orori”.