(argazkia: AEK)

Donibane Garaziko adierazpena aurkeztu dute, ‘Hitzekin. Denok euskara doan’ dinamikaren barruan

Adierazpen honekin, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten diete, “unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria”.

AEK-k Hitzekin denok euskara doan izeneko dinamika aurkeztu zuen duela bi aste, Korrikaren ingurumarian sortutakoa, doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duena, hain zuzen ere. Azaldu dutenez, “ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela”.

Korrikaren bosgarren egunaren barruan, berriz, ekimena beraren barruan dagoen beste ildo bat aurkeztu da: Donibane Garaziko adierazpena. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean. Hauek dira zabaldutako adierazpenaren sinatzaileak: Batuz Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza, Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, Hegoalde euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia, Maizpide.

Adierazpen honekin, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten diete, bertan halaxe jasota: “Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria”.

Donibane Garaziko Gau Eskolaren atarian, Alizia Iribarren Andueza AEK-ko Koordinatzaile Nagusiak adierazpena irakurri du, bertako hainbat ikasle ere bertan zirela:

“Hitzek, hizkuntza; ekinak, herria. Euskaraz bizitzea erronka dugu eta horretarako ezinbesteko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa; denon eskubidea delako. Orain da 22. tantoa egiteko unea: doako ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko unea.

Urteetako joan-etorriak atzean utzita, garaia heldu da hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta arlo horretan jauzi esanguratsu bat emateko. Garaia heldu da hizkuntza-politiketan aldaketak egiteko, eta, jakina, erritmoak erritmo, Euskal Herri osoan eta norabide berean. Garaia heldu da euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko eta, bide horretan, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen dugu, Euskal Herriko herritar guztiontzat eta doakoa.

Argi dugu euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar direla eta hori erdiesteko nahitaezkoa da ezagutza bermatzea. Guztioi dagokigu egitea, eginaraztea, nork bere tokitik eta eginbeharretik ekinez eta eraginez. Hala ere, auzi honetan, administrazioek rol garrantzitsua jokatzen dute; ezinbestez eragile estrategikoak dira konpromisoetatik ekintzetara jauzi egingo badugu. Jakina da pauso esanguratsuak eman direla, baina aurrerapauso handiagoak emateko garai heldu da, hiztunen arteko desorekarekin eta desberdinkeriarekin amaitu behar dugu. Bistakoa da egungo hizkuntza-politikek oraindik ez dutela hiztunen arteko hizkuntza berdintasuna lortu. Lehen esan bezala, euskaraz aritzeko gaitasun egokia bermatzea da gakoa, edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izan ez dezan. Eta hori lortzeko euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak jarri behar dira abian, euskararen aldeko hautua bultzatuko duten politikak.

Horiek horrela, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten dizuegu, hitzetatik ekintzetarako bidean jauzi berriak egiteko eskatzen dizuegu. Ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta balditzetan  jarri ezazue arreta: hezkuntza-sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisioan edo -sozializazioan. Eman ezazue jauzia esparru horiei begirako politiketan. Eremu soziofuntzionaletatik abiatuta, Euskal Herri osoan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen, garatzen eta elkartzen joan behar duzue. Zeuok zarete eskubideen bideratzaile, bermatzaile, eta eredu izatea dagokizue. Beraz, ekin! Ekin elkarrekin! Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin!

Eta horren kari, dei berezia egin nahi dizuegu gaurkoan Ipar Euskal Herriko administrazio publikoko egiturei; hain zuzen ere, EEPri eta Euskal Elkargoari, bidelagun izan zaitezten helduen euskalduntze-alfabetatze arloarentzat beharrezkoak diren dirulaguntzak bermatuz eta orain arte eman gabeko urratsak emanez. Euskara ofiziala ez izanagatik ere, euskara ikasi nahi duen ororentzat eskubide gauzagarria izan dadin.

Garaia heldu da, gure etorkizuna jokoan da: euskaldunon eta euskararen etorkizuna. Gaur, Donibane Garazin elkartu gara eta doako euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen dugu.

Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu (UEMA, Euskarabidea, EEP, HPS, udalak, Kontseilua…). Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria.

Horregatik, hitzetatik ekintzetara jauzia emateko konpromisoa eskatzen dugu, ekiteko garaia da. 22. tantoa jokatzera goaz eta denon artean, elkarlanean, partida irabaziko dugu!”.

Era berean, segituan, bertatik hasita, 22. Korrikak hartu du Donibane Garaziko adierazpenaren kilometroa (2022-04-04/ 1062 KM/ 17:06), eta han bildutako guztiek parte hartu dute.

Zabaldu: