Donostia Antzerki Saria Xake Produkzioak konpainiaren ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzezlanarentzat

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 18:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, Fadoak entzuten zituen gizona lan irabazlea eskainiko da.

Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona obrak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Belen Cruzek (Euskal Aktoreen Batasuna), Sara Iriondok (EHAZE), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñuxek (AISGE), Arantzazu Fernandezek (antzerki-kritikoa), Kepa Ugartemendiak (antzerkizalea), Asier Basurtok (publikoaren ordezkaria) eta Iruña Etxeberriak (publikoaren ordezkaria) osatu dute. Euren ustez, obra irabazleak 2020an Donostian helduentzat eskaini diren antzezlanen artean onena izan da arrazoi askorengatik, “antzerki lan horrek maskulinitatearen gaia oso ondo lantzen du eredu desberdinak erabiliz eta ohiz emakumearekin lotzen den kantu mota bat, fadoa, abiapuntutzat hartuta”.

Horrez gain, epaimahaiak balio berezia eman dio kontakizunari, izan ere, “originaltasun handiz garatzen da ohikoa ez den pertsonaia bat argumentutik kanpo sartuz eta taula gainean oso emaitza erakargarria eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanaz”. Testuari dagokionez, “mamitsua, sakona eta aldi berean umoretsua” dela nabarmendu dute, eta hizkuntzaren aldetik, “antzerki lengoaia oso egokitzat jotzen da eta euskara bera ere aberatsa da, maila altukoa”.

Bestalde, aktoreen lana bereziki nabarmendu du epaimahaiak eta eszenografia ere goraipatu du, agertokia betetzea lortzen baita elementu eta kolore bakarra baino esanguratsua erabiliz. Egoera desberdin guztiak oso ondo islatzen direla gaineratu du epaimahaiak.

Xake Produkzioak konpainiak 12.000 euro jasoko ditu eta baita Juan Luis Goenagaren artelana ere. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 18:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran emango da saria eta, ondoren, lan irabazlea eskainiko da.

Zabaldu: