‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzezlana ostiralean estreinatuko dute Tolosan

Xake antzerki konpainiaren antzezlana Tolosako Leidor antzokian estreinatuko da hilaren 18an 20:30ean.

Fadoak entzuten zituen gizona bidaia bat da. “Zineman road movie-ak dauden moduan, hau road play bat izango litzateke”.

Mikel kamioilaria da, eta lan kontu batengatik Lisboara bidean doa. Bidean, Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander Huelvako Ayamonte herrira doa fado lehiaketa amateur batean parte hartzera. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mikelek lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan.

Modu honetara, lotura emozional txiki bat duten bi pertsona hauek pare bat egun iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Izan ere, Gaztelako lurretan elurte handi bat egongo da, eta errepidean harrapatuta geratuko dira.

Egoera horrek sortzen duen intimitateari eta elkarrekin pasatzen duten denborari esker, harreman oso berezia sortuko da bi mutil hauen artean, eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango du; “zer da sentibera izatea? gizonak izan daitezke sentiberak? Nola harremantzen gara mutilak? Zer izaera aurreikusten digu gizarteak?”.

Eszenatoki gainean Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreak ikusi ahal izango ditugu Getari Etxegarai antzerkigilearen zuzendaritzapean. Zuzendariordetzan berriz, Xabier Ormazabal ari da. Antzezlanaren egilea Txarli Andrade da.

Lantaldea ekainean hasi zen entsegu lanetan eta lehen fasea Tolosako Topic zentroan egin zuen. Bertan, testuaren zirriborro txiki bat egin zuten. Uztailaren 6tik 14ra berriz, lantaldea Miarritzen izan zen, Théâtre des Chimères konpainiaren espazioan, hain zuzen. Han taularatu zuten obra lehen aldiz jendaurrean. Irailaren 1ean hirugarren sorkuntza-egoitzari heldu zioten Tolosako Topic-en berriz ere. Bertan, argiztapen eta soinu teknikariak lanean aritu ostean, “antzezlanaren altxaera” egin zuten, hau da, antzezlana bizirik egoteko behar den guztia prestatu zuten.

Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanaren estreinaldia ostiralean izango da Tolosako Leidor antzokian, 20:30ean.

Zabaldu: