Donostia Zinemaldiaren 1977ko edizioa ardatz duen erakusketa ikusgai Gasteizko Artiumen

Zinemaldiaren artxiboko material ugari bildu ditu erakusketak, horietako asko argitaratu gabeak, hala nola gutunak, dokumentuak, argazkiak eta aldizkariak. Erakusketa Artium Museoko A01 aretoan egongo da ikusgai abenduaren 8ra arte.

Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Gasteizko Artium Museoak Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko izeneko erakusketa aurkeztu dute. 1977ko Donostiako Zinemaldia du ardatz erakusketa honek, jaialdiaren kudeaketa Donostia hirira eraman ondoren egin zen lehena. Zinemaldiaren artxiboko material ugari bildu ditu erakusketak, horietako asko argitaratu gabeak, hala nola gutunak, dokumentuak, argazkiak eta aldizkariak. Proiektu hau Artium Museoaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian bildumaren erakusketari lotuta dago, eta Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektuaren parte da, Zinemaldiak eta EQZEk sustatua.

Donostiako 25. Zinemaldiko parte-hartzaileek 1977ko irailaren 10ean aldizkari ofizialaren lehen alea ireki zutenean, ez zuten zilarrezko ezteien ospakizunik aurkitu, ezta ohiko protokolo-formularik ere, lehen aldiz euskaraz ere idatzitako baieztapen ezohiko bat baizik: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko. Aldaketa erradikalaren agintza bat eta ordura arteko historiaren aurkako pultsu bat. Lehen aldiz, Zinemaldia Madrilen kudeatzeari utzi eta bertako batzorde baten esku geratu zen.

Batzorde horrek artista-taldeetako, zineklubetako eta auzo-elkarteetako ordezkariak biltzen zituen. Frankismoak lapurtutako denbora berreskuratzeko saioa izan zen Donostia 77: diktadurako biktimak eta erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileak omendu zituen egitarauak, proiekzioak eta solasaldiak auzo eta herrietara zabaldu zituen, Euskal Herriaren aldarrikapenak modu esplizitu batean babestu zituen. Laburbilduz, jaialdi demokratiko eta herrikoi berri bat irudikatzeko plataforma gisa aldarrikatu zen.

Erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikerketa sailaren arduradun Pablo La Parrak azaldu duenez, “1977an, Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina, urteurren bat baino gehiago, 1977ko edizioa borrokarako gune bat izan zen: hiritik kudeatutako lehen jaialdia aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, eta, bertatik, jaialdi demokratiko berri bat irudikatu zuten”. Komisarioak gaineratu duenez, “Zinemaldia 70: Historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren esparruan kokatutako artxibo-materialetatik abiatuta, erakusketa honek erabateko aldaketaren urte horri heldu dio”.

Erakusketa honek Carlos Rodriguez eta Manuel Coronadoren Expediente filma aurkeztuko du, 1977ko Zinemaldian film labur onenaren Urrezko maskorra jaso zuena, zaharberritu eta digitalizatu zenetik lehen aldiz proiektatuko da. 16 mm-an filmatutako 15 minutuko filma da, Equipo Cronica (Rafael Solbesek eta Manuel Valdesek osatutako kolektiboa) taldearen pinturari buruzkoa. Aldi berean, errepresio frankistaren ondorioei buruzko hausnarketa proposatuko du. Filma proiektatzen den hormaren parez pare, hain zuzen ere, Equipo Cronicaren (1975) Leer a Daumier margolana egongo da ikusgai, Artium Museoko Bildumakoa.

Zinemaldiaren artxibotik datozen dokumentu ugarien artean honako hauek daude ikusgai: Zinemaldiari babesa ematen dioten gutunak eta komunikatuak; lehiaketaren aldizkari ofizialaren azalen eta artikulu esanguratsuen originalak; diktadura frankistaren jazarpena jasan zuen Viridiana filmaren kartel bat; garaiko egunkari zatiak; Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat; eta zinemaren munduko aurpegi ezagunak agertzen diren argazki ugari, Harrison Ford eta Carrie Fisher, Elias Querejeta eta Luis Buñuel…

Historiarako geratzen da, gainera, edizio hartako nazioarteko epaimahaiaren osaketa: Luis Alcoriza eta Ricardo Muñoz Suay zinemagileak, Raymond Borde eta Freddy Buache kritikariak, Malcolm McDowell eta Franco Nero aktoreak eta Eduardo Txillida artista. Gainera, haren zuzendaritza-batzordean, Rafael Ruiz Balerdi zegoen besteak beste, edizio hartako kartelaren egilea, eta baita Nestor Basterretxea ere.

Erakusketa honen jatorria 2018-2019 ikasturtean Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektuaren taldeak garatutako ikerketa kolektiboan dago. Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak elkarrekin antolatu eta Loterias y Apuestas del Estado elkarteak babestutako proiektu honen helburua jaialdiaren artxibo historikoa berreskuratzea, aztertzea eta balioestea da. 1953an sortu zenetik orain artera funtsak gordetzen ditu artxibo horrek. Proiektuak gaur egungo sorkuntzarekin eta pentsamenduarekin elkarrizketa kritikoa izango duen artxibo bizia, publikoa eta irekia sortu nahi du.

Erakusketa Artium Museoko A01 aretoan egongo da ikusgai abenduaren 8ra arte.

Zabaldu: