Tabakalerak egitarau berezia prestatu du bere 5. urteurrena ospatzeko

Ostegunean emango diote hasiera egitarauari Julio Le Parc artistaren Kuboa eskulturaren aurkezpenarekin.

Donostiako Tabakalerak bost urte beteko ditu irailaren 11n nazioarteko kultur zentro gisa ateak zabaldu zituenetik eta urteurrena ospatzeko asmoz, irailaren 10etik 12ra bitartean, adin guztiei zuzendutako programa berezia prestatu dute. “Bost urtetan eginiko ibilbidea gogoratu eta bere garrantzia azpimarratuko da asteburuan zehar, eta bizi dugun ziurgabetasun garai honetan kultura bere forma guztietan aldarrikatzeko unea izango da. Une ezohiko batean datorren urteurrena da eta bisitari guztien segurtasuna bermatzea izango da Tabakaleraren ardura nagusiena”, adierazi dute.

Eraikinak hartuko dituen ekitaldien artean, aipatzekoa da eraikineko 0 solairuan ikusgai dagoen eskultura monumentalaren inaugurazioa: Julio Le Parc artistaren Kuboa. Horretarako, eta osasun-krisiaren bilakaerak hala ahalbidetzen badu, Le Parc artista frantziar-argentinar ezaguna Tabakaleran izango da ostegunean. Horrez gain, Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketaren aurkezpena egingo da. Florian Wüst komisarioaren eskutik ezagutuko dugu arte plastikoen eta teknika zinematografikoen artean sortzen diren loturak aztertzeko ibilbide bat proposatzen duen erakusketa. Tabakalerako zine-aretoa izango da asteburu horretan gune garrantzitsuenetako bat, izan ere, emanaldi berezi batzuk programatu dira, aurkezpenak eta zuzeneko musika izango dituzten proiekzioekin, besteak beste.

Asteburuan, gainera, ekitaldi gehiago izango dira, hala nola eraikinera bisita gidatuak, mahai-inguruak eta beste hainbat ezusteko.

Urteurrena ospatzeko antolatutako jardueretara sarrera doakoa izango da, baina lekua aldez aurretik eskatu behar izango da.

Egitaraua osorik ikusteko hemen.

Zabaldu: