(Gipuzkoako Foru Aldundia)

Donostiako Euskal Itsas Museoak ‘Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea’ erakusketa ireki du

Erakusketak ikerketa arkeologiko bati esker berreskuratutako gizateriaren historiaren gertakari ezezagun bat ematen du ezagutzera eta 2023. urteko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Carlos Olaetxea Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailua eta Museoetako Zerbitzuburuak eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea aldi baterako erakusketa aurkeztu dute gaur Euskal Itsas Museoan, Donostian. Erakusketak ikerketa arkeologiko bati esker berreskuratutako gizateriaren historiaren gertakari ezezagun bat ematen du ezagutzera eta 2023. urteko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai.

1761etik aurrera, hamabost urtez Indiako Ozeanoko irla ia mortu batean abandonatuta utzi zituzten Madagaskarreko 80 esklaboen historia kontatzen du. Itsas-kartzela bihurtu zen uharte horretan, urtez urte, beren estualdi eta larriminaren kontakizun isila utzi zuten. Historialari eta arkeologia talde bat haiei ahotsa ematen saiatu da eta, honela, gizateriaren historian orain arte ezezaguna zen gertakari bat berreskuratu dute.

Erakusketa ikus-entzunezkoen, objektu arkeologikoen, maketen eta material grafikoen bidez, sufrimendu eta giza-ustiapen historia latz bat agerian uzten du uhartean egindako ikerketa arkeologikoen ondoren.

Erakusketa Estatu frantseseko Nantesko Historia Museoaren eta Institut national de recherches archéologiques préventivesaren (Inrap) arteko koprodukzioa da, eta lehen aldiz ikusi ahal izango da Estatu horretatik kanpo.

Horrez gain, antolatzaileentzat Euskal Herriak itsasoan eta haren eraginez gertatutako iraganeko prozesu nagusi askotan duen arduraren adierazle bikaina da erakusketa hau. Izan ere, Euskal Herriak erantzukizun handia izan zuen gaur egun tamalgarriak iruditzen zaizkigun hainbat jardueretan: nazioarteko esklabu afrikarren trafikoan eta kontrabandoan, besteak beste. Alberdiren hitzetan “Euskal Herria garai batean batez ere itsastarra zen eta, ondorioz, neurri handiagoan edo txikiagoan, munduko ozeanoetako edozein bazterretan zeuden gizarteekin izan zituen harremanak”.

Topaketa eta jarduerak

Euskal Itsas Museoak erakusketari lotutako jarduera programa zabala antolatutako du: topaketak, bisita gidatuak eta hainbat formatutako ekitaldiak. Lehenengo jarduera, Museoaren zuzendariarekin erakusketa ikusteko bisita gidatua izango da. Otsailaren 9an, arratsaldeko 19:00etan izango da. Aldez aurretik izena ematea gomendatu dute, komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatziz edota 943 43 00 51 telefonora deituz.

Otsailaren bigarren astetik aurrera, Museoak hileroko familia-tailerren, bisita gidatuen eta erakusketarekin lotutako hainbat jardueren berri emango du. Gainera, Ontziratu zaitez… topaketak eskaintzen jarraituko du. Saio bakoitzean, Alberdik eta gonbidatutako aditu batek arkeologiaren eta esklabotzaren inguruko gaiak jorratuko dituzte. Informazioa Museoaren webguneko agenda atalean jasoko da.

Familiek, berriz, erakusketa modu librean bisitatu ahal izango dute, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako doako mapa baten laguntzarekin. Mapa museoaren harreran egongo da eskuragarri, museoa irekita dagoen orduetan.

Zabaldu: