Juan Antonio Antero Aranzamendi da liburuaren egilea eta aurkezpen irekia egingo du bihar, otsailak 5, 19:00etan Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan.
Donostiako Kaldereroen jaia liburu eta guzti dator aurtengoan: Juan Antonio Antero Aranzamendi musikari eta ikertzaileak ondutako Begi urdin bat. Donostiako kaldereroen historia eta jatorria.
Lanak euskaraz eta gaztelaniaz ikusi du argia, eta Hungariako kaldereroen konpartsaren bilakaerari buruzko hainbat pasarte irakurtzeko aukera ematen du. 1884.urtean sortu zenetik, aurretik 1828.urtean desfilatu zuen beste konpartsa baten kontakizuna ezagutzeko aukera emanaz, eta 1955etik 2005era egondako konpartsa kopurua laburbilduz.
Liburuarekin idazleak omenaldia egin nahi izan dio Victoriano Iraolari, kaldereroen konpartsarentzat euskaraz idatzitako bertsoen 140.urteurrenean betetzen denean (1886-2026). Halaber, liburuak gizartearen bilakaera eta horrek kaldereroen konpartsan nolako eragina izan duen eta aldaketei nola aurre egin dien jasotzen du, eta horrekin batera hainbat partitura zahar ezagutzeko aukera ematen du.
Horrez gain, erantzun argirik gabeko galderei erantzuten saiatzen da, besteak beste, nortzuk ziren kalderero horiek? Nondik iristen ziren eta non finkatzen ziren? Zer bide erabiltzen zituzten? Benetan Hungariakoak ziren?
Aurkezpen irekia
Liburua argitaratzeko Juan Antonio Anterok Donostia Kulturaren laguntza izan du. Eta besteak beste, otsailaren 5ean, osteguna, 19:00etan aurkezpen berezi bat antolatu da Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuraren aretoan. Bertan, egileak lanari buruzko azalpenak emango ditu, eta Iraolari omenaldia egingo zaio Axular Dantza Taldeak bertsolariari eskainitako zortziko berriaren bidez.
Liburua salgai egongo da hurrengo egunetan Donostiako liburu-denda ezberdinetan 25 euroko prezioan. Gainera, Donostia Kulturako liburutegietan kontsultatzeko edota maileguan hartzeko aukera egongo da.