(argazkia: Musika Hamabostaldia)

Donostiako Musika Hamabostaldiak 82. edizioko egitaraua aurkeztu du

Jaialdiak 75 proposamen aurkeztuko ditu abuztuaren 1etik 31ra bitartea, Donostian nahiz Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat herritan.

Iazko edizio murriztuaren ondoren, Donostiako Musika Hamabostaldiak aurtengo udan jaialdiaren bereizgarri den anbizio handiko egitarau zabala berreskuratuko du, bere ohiko ziklo guztiei helduz eta guztira 75 kontzertu eskainiz hilabete osoan zehar, Donostian nahiz Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat herritan.

Aurtengo edizioan Orchestre Philharmonique du Luxembourg edo Budapest Festival Orchestra bezalako nazioarteko orkestren itzulera nabarmendu nahi izan du antolakuntzak, beste talde batzuen parte-hartzearekin batera: Espainiako Orkestra Nazionala, Galiziako Orkestra Sinfonikoa edo Euskadiko Orkestra.

Honekin batera, mundu mailako bakarlari entzutetsuenetako batzuk igoko dira oholtzara. Horien artean izango dira Yuja Wang, Grigory Sokolov, Elisabeth Leonskaja, Stephen Hough eta Mitsuko Uchida piano jotzaileak, eta baita Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin biolin jotzaileak ere.

Iazko edizioan jaialditik kanpo utzi behar izan ziren hitzordu sinfoniko-koralak ere berreskuratuko dira aurten Donostiako Orfeoiarekin eta Easo Abesbatzarekin.

Dantzak ere leku berezia izango du egitarauan Lucia Lacarra eta Iratxe Ansa euskal dantzarien eskutik.

Gainera, aurtengo edizioan erabateko bost estreinaldi izango dira, horien artean Hamabostaldiaren ekoizpen propioa den Hirira, Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek oholtzara eramango duten haurrentzako opera.

Sarrerak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira www.musikahamabostaldia.eus webgunean, eta baita Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokietako leihatiletan ere.

Zabaldu: