(argazkia: Behatokia)

Behatokiak Nafarroako lan-postu publikoetan hizkuntza eskubideak bazterrean uztea salatu du

2001ean sortu zen Behatokia eta orduko hartan, Nafarroako administrazio publikoetako lan deialdietan euskararen afera salatu eta konpontzea lehentasun gisa ezarri zen. 20 urte eta hainbat gorabeheraren ostean, egoerak bere horretan jarraitzen du.

Pasa den larunbatean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete zituen. Bi hamarkada komunitateak beharrezko duen eskubideen defentsarako tresna bat eskainiz; bi hamarkada eskubideen parametroa hizkuntza-politiketan kokatuz. Eta ibilbidearen hasieran bertan, 2001eko udan, Behatokiak gora jotzeko errekurtsoak aurkeztu zituen Nafarroako Gobernuko deialdi ezberdinetan merezimenduen atalean euskara baloratzen ez zela argudiatuz, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteak bakoitzak bi puntu eskaintzen zituen bitartean. Bada, gaur goizean Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak, Nafarroako lan-postu publikoak izan dituzte hizpide Iruñean egindako agerraldian.

Bilbaok administrazio publikoetan euskararen ezagutzak duen garrantzian jarri nahi izan du azpimarra, herritarrek administrazioarekin euskaraz harremana izateko “funtsezko neurria” delako lan-postu publikoetan hizkuntza eskakizunak izatea. Hartara, Behatokiak 20 urte egin dituela probestuz, beharrezkoa iruditu zaio orduko kezkak gaur egun berresten direla mahai gaineratzea: “Duela 20 urte salatzen genituen kasuen adibide berberak erreproduzitu dira. Euskararen ezagutzak nahitaezko eskakizuna izatetik urrun, puntuaziorik ere ez zuen eskaintzen eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean, eremu mistoko lan-postuen deialdietan ere ikusi izan ditugu azkenaldian. Azken urtean ehunka lan-postu bete dira Nafarroan euskara puntuatu ere egin gabe. Duela 20 urte Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politika inbolutiboa aplikatzen zuen bete-betean, gaur lanpostu publikoei dagokienez, antzeko egoeran gaude”.

Gaubekaren hitzetan, “103/2017 Foru Dekretuaren artikulu batzuk baliogabetu zituztenetik okerrera egin du egoerak”. Izan ere, “Nafarroako Kontseiluak legeak ezarritako eremu mistoan euskara baloratzea legezkoa zela iradoki arren, euskara jakin gabe eta puntuatu ere egin gabe, lan-postu publikoak eskuratu ahal izateko deialdiak egiten jarraitu du Gobernuak”.

Horren adibide dira, besteak beste, azken urte honetan egin diren hainbat lan-deialdi publiko. “Langile publiko horiek guztiek herritarrei zerbitzuak emango dizkieten profesionalak izango direla kontuan izanda, Gobernuko hainbat departamendu edo ataletan ezingo da herritarrek zerbitzuak euskaraz inongo albo-kalte gabe jasotzea ahalbidetu”. Are gehiago, gaur egun eskakizunik ez jartzeak etorkizunean ere izango du eragina, Gaubekak adierazi duenez, “etorkizuneko herritarren hizkuntza-eskubideak ere erabat baldintzatzen baitira”.

Behatokiko arduradunak, halaber, Osasunbideako lan-postuetako egoera azpimarratu du, “ezinezkoa da osasun arreta egokia eta herritarren osasuna behar bezala bermatu. Euskarak puntuak ematea bakarrik ez, euskarak eskakizuna beharko luke izan Osasunbideako zerbitzu guztietan eta Nafarroa osoan”. Kontuan izan behar da gainera, zerbitzu zentralak, ospitaleak… legeak ezarritako eremu mistoan kokatuak daudela, eta, ondorioz, Gobernuak euskarazko zerbitzuak eremuka banatzeak, Nafarroako herritar guztien eskubideak kaltetzen dituela.

Hiru irakurketa dekretu berriaz

Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretu berriaren inguruko filtrazioak ere izan ditu hizpide Gaubekak. “Euskarak ez luke legeak ezarritako eremu ez euskaldunean puntuatuko, eta eremu mistoari dagokionez, herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dieten lan-postuetan eta Osasunbideako fakultatibo lan-postuekiko soilik izango litzateke puntuagarria. Nafarroako Gobernuko lehendakariak berak, halaber, argi adierazi du ez duela legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara kontuan hartuko, nahiz eta Nafarroako Kontseiluak berak euskara Nafarroako lurralde osoan atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar dela adierazi”.

Etorkizun hurbilera begira jarrita, Gaubekak ezinbestekotzat jo du euskarari Nafarroa osoko hizkuntza bezala aitortza egitea eta eremu guztietara zabaltzea. Eta horretarako, “nahitaezkoa da Gobernuko administrazioak berak eskaintzen dituen zerbitzuetatik hastea”. Izan ere, “errealitate soziolinguistikoa deritzona justizia eta berdintasun printzipioetatik eraiki behar da, euskara gutxiago duenari ateak zabalduz, aukerak biderkatuz eta oztopoak gainditzeko tresnak eskainiz”, eta ez gaur egungo balizko “errealitatean” oinarrituz, “denok baitakigu egungo balizko errealitate hori hamarkadetan euskararen biziraupen eta biziberritzearen kontra emandako erabaki eta eszenatokiek baldintzatu dutela”.

Manifestazioa ostiralean

Amaitzeko, Bilbaok datorren ostiralean egingo den manifestaziorako deialdia egin nahi izan du. Mobilizazioa arratsaldeko 18.30ean izango da Iruñeko Baluarteko Plazan.

Zabaldu: