(argazkia: Oskar Moreno)

Donostiako San Telmo Museoak ‘90 berriak’ erakusketa aurkeztu du

1990eko hamarkadan lanean aritu ziren kolektibo artistikoetara hurbiltzen gaituen erakusketa zabaldu du Donostiako Museoak. Erakusketa ekainaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.

90 berriak izeneko erakusketa 80ko hamarkadaren azken urteetan, 90eko hamarkadakoetan eta milurteko berriaren hasierakoetan lan egin zuten hainbat kolektibo artistikotara egindako hurbilketa da, “beren energiak konpromiso sozial, politiko, intelektual, feminista eta ekologistetatik abiatuta ikuspegi alternatibo, periferiko eta mugaz gaindikoekin batu zituzten kolektibo horiei buruzkoa”, azaldu dute San Telmoko ordezkariek. Zehaztu dutenez, “historiografia berri bat planteatzen du, kolektiboaren kontakizun argitaragabeetatik abiatuta, eta, horrela, ekosistema kultural hura zaintzen eta transmititzen laguntzen du. Hainbat ekimen eta guneren espiritua jasotzen du, haietako batzuk oraindik ere jardunean daudenak nazioartean edo gure artean, hala nola El Gallinero, Zelai Azpi, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas edota Consonni”.

Lan artistikoak, bideo-artea eta bideo dokumentala, elkarrizketen audioak, dokumentu grafikoak, edizio alternatiboak, liburuak eta aldizkariak, egile-argazkiak, erakusketa-argazkiak, proiekzioak eta altzariak dira proiektu honen unibertsoaren osagaiak. Bertan 140 sortzaile eta kolektibo inguru  integratzen dira. “Garai erabakigarria da, analogikotik digitalerako igarotzea ematen delako, eta erakusketak lehen aldiz argitara ematen diren ekoizpenak berreskuratzen ditu, guztiak ere engranaje koral baten barruan duten zentzuaren ikuspegitik begiratuta, non alderdi partizipatiboak  indibidualtasunak gainditzen dituen”.

Adierazi dutenez, “mundu-panorama konplexu baten esparruan, 90eko hamarkadako urteek konplexutasun bereizgarri batzuk izan zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, zenbait egoeraren bilakaeraren ondorioz, hala nola eredu ekonomikoen eraldaketa. Gainera, 1994. eta 1997. urteen arteko mikro-gertakariz gainezka dagoen trantsizio-une batean gertatzen da, eta aldi horren ondoren estrategien eta arlo publikoan zein pribatuan jarduteko moduen berritze bat nabarmentzen da, 1997tik 2001erako aldian ageriko egingo dena”.

Erakusketaren ibilbidea kronologikoa da; bilakaera hori biltzen du eta gertakari sozial paraleloak ere nabarmentzen ditu. Garai hartan “teknologia berriak” deitutakoen erabileraren garrantzia aztertuz hasten da, batez ere bideo-artearen aukeren ikerketatik abiatuta garatu zirenak. Bideoaldia izan zen horren adibide adierazgarria, ahalegin kolektibo oso baten ekimen gisa. San Telmoko Abangoardia Aretorako hurbilketa bat egin ondoren, gune artistikoen garrantzia eta Uribitarteko tailerren inguruan sortutako komunitateen, Gasteizko eta Bilboko hiriguneen edo Gipuzkoako aldiriko Zelai Azpi, Sare-etxea eta El Gallinero guneen adierazgarritasuna azaltzen da. Halaber, Artelekuren rola aipatu dute, 1987az geroztik jardunean baitago, produkziorako eta prestakuntzarako nodo gisa.

Edizio alternatiboen sorta bat, tesien azalpen jakin batzuk, eta beren izaera erlazional eta partehartzaileengandik gailendu ziren ekintzak aurkezten ditu erakusketak. San Telmoko liburutegian kontsultatu daiteke ikus-entzunezko produkzio-zentroen erreferentzia (CINT, Larrotxene edo Bilboko Arte Ederren Fakultatea), bertan prestatu baita erakusketarekin erlazionatutako kontsultarako material sorta.

Bestalde, erakusketaren katalogo bat argitaratuko da, Nicolas Bourriaud eta Nekane Arambururen testuekin.

Zabaldu: