(argazkiak: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokak “eztanda” egingo du abenduaren 7tik 11ra, ohiko formatua berreskuratuz

Ruben Ramos diseinatzailea da 57. edizioko irudiaren egilea. Ilustratzaileak sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du kartelean, big bang baten moduan zabalduko den burrunba.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratuko du edizio honetan, azken bi urteetako egoera bereziaren ostean. Kulturaren plaza abenduaren 7tik 11ra antolatuko da eztanDA! lelopean, eta aurrez aurreko salmentaz gain, online dendari ere eutsiko dio. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, Azokako 57. edizioan euskal kulturaren “eztanda biziko dugu: Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda”.

Durangoko Azokak eztanda hori irudikatu du gaur Landako gunean antolatutako prentsaurrekoan. Hutsik egon da pabilioia gaurko agerraldian, baina Landakok bere ohiko argazkia berreskuratuko du abenduaren 7tik 11ra: “Azokaren unibertso osoa bueltatuko da, aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzea, goizeko 10:30ean ikasleak Landako gunera korrika sartzea, zure sortzaile gustokoenaren sinadura lortzea, kuadrillarekin eguneko eta gaueko plana egitea…”.

Mujikak eskertu nahi izan du azken bi urte zailetan Azokari babesa eman dioten sortzaile, kulturzale, eragile eta babesleei: “Egoera zaila izan arren Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da!”. Azken urte bietan ez bezala, Azokako lehenengo egunean milaka ikasle izango ditugu kulturaren plazan, Ikasle Goizari esker. Azokak hainbat jarduera antolatu ditu eurentzat: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra… Horrez gain, hirugarren urtez PortaDA! erronka antolatu da Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Berrikuntza gisa, aurten hezitzaileentzat ere tailerrak antolatuko dira lehen aldiz: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia izango dira. Informazio gehiago www.durangokoazoka.eus webgunean topa daiteke.

Ikasle Goizaz gain, Azokak bost eguneko egitaraua prestatuko du kulturzaleentzat, gune ezberdinetan: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Diziplina ezberdinetako sortzaileek euren proposamenak bidal ditzakete urriaren 15era arte, Azokako egitarauan parte hartu ahal izateko.

Landako gunean aurrez aurreko erakusmahaiak izango diren arren, aurten ere etxetik erosketak egiteko aukera egongo da, online denda martxan egongo delako webgunean abenduaren 7tik 10era (hau da, online denda aurrez aurreko Azoka baino egun bat lehenago itxiko da). Azokan salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira denda digitalean.

Behin Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du aurten ere Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Euskal Herriko hamaika liburu-dendatan Azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez, izen-ematea zabalik dago kasu honetan ere. Aurten, lehengo aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira liburu-dendetan.

Ruben Ramosek sortutako irudia

Aurtengo ildo nagusiak aurkezteaz batera, gaurko agerraldian edizio honetako irudia ere aurkeztu da. Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du, eta, azaldu duenez, bere ilustrazioak “unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da”.

Ramosek azaldu duenez, gazteak izan ditu jomugan kartel garaikide honen sorkuntzan: “Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin”. Kartelarekin batera, egileak ikono berri bat sortu du aurtengo ediziorako, DA! irudi korporatiborekin batera zabalduko dena. “Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena”.

Zabaldu: