(argazkia: Amaia Lizaranzu Moreno)

Durangoko Azokak ‘PortaDA!’ lehiaketa antolatu du Euskal Herriko ikastetxeentzat

Euskarazko liburu eta diskoak ezagutzeko helburuarekin eta gaztetxoen sorkuntza sustatuz, liburu eta diskoen azalak izango dira lehiaketako gaia. Parte hartzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik.

Durangoko Azokak Ikasle Goizaren ordez, erronka bat antolatu du Euskal Herriko ikasleentzat: PortaDA! lehiaketa. LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek lehiaketa honetan parte hartzeko aukera izango dute azaroaren 30era arte.

Parte hartu nahi dutenek argazki bat sortu beharko dute pertsonen gorputzak edo eskura izaten ditugun elementuak erabilita, “euskarazko liburu eta disko baten azalean agertzen den irudiarekin bat etorrarazi beharko da”, azaldu du antolakuntzak. “Liburuaren edo diskoaren izenburua argi eta garbi ikusi beharko da”, gaineratu du.

Jakinarazi dutenez, Azokak oso sari bereziak prestatu ditu irabazleentzat: Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan, Iratxoen kantu sekretuak emanaldi berezia izango dute ikastetxean, eta DBH eta Batxilergoko ikasleen kasuan, Huntza taldearen bisita eta kontzertu egokitua.

Argazkia Portada! gaiarekin, ikastetxeko datuekin, zein kategoriatan parte haratzen den zehaztuz, eta harremanetarako datuekin ondorengo helbidera bidali beharko da: komunikazioa@durangokoazoka.eus “Horrez gain, ikastetxearen sare sozialetan #portaDA  eta #56DA traolak erabilita zabaltzea ere eskertuko da”.

Oinarri zehatzak hemen irakurri daitezke.

Durangoko Azokak azpimarratu duenez, “abenduaren 3an Landako gunean ez da ekitaldirik izango eta erakusmahaiak abenduaren 4tik aurrera egongo dira zabalik”.

Zabaldu: