Ikasle Goizak emango dio hasiera 55. edizioari. Inaugurazio ekitaldia 18:00etan izango da Landako Gunean, eta ostean Kai Nakairen lehenengo kontzertua hasiko da, Plateruenan.
Aurten Durangoko Azokan erakusmahairik egongo ez den arren, Landako Gunea ez da hutsik egongo. Azken egunetan etengabea izan da sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeen joan-etorria Landakon, bertan sortu baita online dendaren biltegia. Guztira, 2.300 produktu ezberdin eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webguneko denda digitalean, abenduaren 4tik 8ra arte.
Liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza… Aurreko urteetan erakusmahaietan topatu ahal izan ditugun produktuak egongo dira salgai webgunean. Kontsulta egin daiteke jada webgunean eta “desioen saskia” osatu, bihartik aurrera erosketa amaitzeko. Lehenengo mila erosketek, gainera, taupaDA! poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera.
Biltegiaz gain, Landakon bertan ere kultur jarduerak eta ikuskizunak antolatuko dira abenduaren 4tik 8ra arte. Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dira, bi espaziotan, Landako Gunean eta Plateruenan.
Urtero bezala, Ikasle Goizak emango dio hasiera Durangoko Azokako egitarauari. Aurten ez da ikasle uholderik egongo Landakon, eta ikasleek euren ikastetxeetatik jarraitu beharko dute eurentzat sortutako programazioa. Azokako webgunean ikus-entzunezkoen bidez sortutako hainbat tailer izango dituzte eskura: bikoizketa tailerra, blender, ilustrazioa, nola sortu liburu bat, yogipuinak…
Horrez gain, Ikasle Goizak ere beste ekimen berezi bat izango du. Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa-saioa gidatuko dute eta tartea webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Bertan honakoek parte hartuko dute: Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai abeslaria, eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak. Streaming bidez jarraitu ahalko da.
Lehenengo goiz horretan ere Musika Bulegoarekin elkarlanean antolatutako beste ekimen bat izango dugu: DA! PRO. Bigarren urtez, musikariak eta musika-industriaren topagunea izango da Durangoko Azokan. Musika-taldeek aurkezpenak egingo dituzte programatzaile eta teknikarien aurrean, euren proiektuak bertatik bertara aurkezteko. Aurten 15 taldek parte hartuko dute.
Arratsaldean, bere aldetik, inaugurazio ekitaldia 18:00etan izango da, Landako Gunean. “Azokaren lehen taupaDA!” hau Xabier Madariagak gidatuko du eta bertan Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe (New Yorketik) eta Bagara dantza taldearen taupadak ikusi, entzun eta sentitzeko aukera egongo da.
Ohi den bezala, eguna Plateruena Kafe Antzokian amaituko da. Iazko Azokako sormen beka irabazi zuen Kai Nakai abeslari gasteiztarrak Baimenik gabe bere lehenengo diskoa aurkeztuko du, 19:30etik aurrera.
Ekitaldi guztiak streaming bidez eskainiko dira webgunean. Halaber, hurrengo egunetako ekitaldietarako sarrerak ere bertan erreserbatu daitezke. Durangoko egitarauari dagokionez, dagoeneko agortu dira hainbat aurkezpenetarako gonbidapenak: Gatibu, Zetak, Rafa Rueda, Kohatu, Mikel Urdangarin, Bulego, Peio eta Itsua, Korrontzi, Koralaren distira ipuin kontaketa, Itsas hariak ikuskizuna… Oraindik badago aukera hainbat solasaldi, kontzertu eta aurkezpenetarako gonbidapenak erreserbatzeko.
Zu non, han DA! ekimenaren baitan ere, agortuta kartela eskegi da jada hainbat kontzertutan, Atarrabiako Totemen eta Donostiako Dokan eta Dabadaban, adibidez. Bilbon Zea Mays eta Ene Kantak ikusteko sarrerak ere agortu dira, Amurrion Izate faltsua eta Rodeo, eta Gasteizen, bere aldetik, Brigade Loco eta Barne Guda ikusteko sarrerak ere amaitu dira.
Kontzertuak zuzenean ikusteko aukera badago oraindik Amurrion (Sara Zozaya), Azpeitian (Sua eta Gatiburen bigarren pasea 16:30ean), Bermeon (Gatom, J Martina, Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni), Bilbon (Nogen), Gasteizen (Amorante eta Moxal) eta Ondarroan (Dupla, Nikotina, Patxuko Nice eta Ezpalak).