Durangoko Azokako zazpi guneak “bor-bor” egongo dira gaur ere

Durangoko Azokako zazpi guneak “bor-bor” egongo dira hirugarren egunean, antolatzaileen arabera: Wikipedia Eguna, Oreina filmean oinarritutako hiru film labur, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda, Iker Lauroba, Errementari, Modus Operandi…

Durangoko Azokako 53. edizioa hirugarren egunera heldu da gaur. Atzo, Landako Gunea leporaino egon zela, diote arduradunek, “Azokako zazpi guneetan etengabea izan zen bisitarien joan-etorria. Gainera, eguraldia lagun, Landako plaza eta ingurua ere bisitariz josita egon zen”.

Gaur berriz, 11:00etan hasiko dira musika-taldeak Ahotseneako oholtzara igotzen. Besteak beste, honako talde eta musikariek parte hartuko dute: Iker Lauroba, Hezurbeltzak, Maddi, Ertzak, Hibai, Nerabe… Solasaldien gunean ere hainbat idazle ezagun elkartuko dira, euren nobedadeak aurkezteko: Pako Aristi, Oier Guillan, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda…

Irudienean hainbat proiektu ezagun proiektatuko dituzte. Goizeko 12:30ean Errementari filma eskainiko dute, Paul Urkijo zuzendariak bertan parte hartuko du. 18:00etan Oreina pelikulan oinarritutako hiru film labur estreinatuko dira, eta horien zuzendariek parte hartuko dute: Maria Elorza, Aitor Gametxo eta Iñigo Salaberria. Ordubete beranduago, Aralar, mundua leku den lurra dokumentala proiektatuko da. Lana aurkezteko Ibon Toledo, Garazi Auzmendi Ion Fontenla eta Aloña Jauregi egongo dira.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazako bigarren saioa ospatuko da. 12:30ean solasaldia egongo da Sustrai Colina eta Garbiñe Ubedaren artean, Nekane Zinkunegik gidatuta. Arratsaldean, Sormena eta gurasotasuna landuko da, Dani Fano, Birkit, Katixa Agirre eta Lander Garroren eskutik, Josu Goikoetxeak gidatuta. Horrez gain, beste mahainguru batzuez gozatzeko aukera izango dugu; Euskadi Literatura Sariak, Itzulpengintza, hizkuntza txikien arteko zubi (Esloveniatik etorritako bi idazleren partehartzearekin) eta abar.

Kabi@n Wikipedia Eguna antolatu dute. 11:00etan Txikipedia izango dute hizpide (Txikipedia egitasmo berriaren nondik norakoak eta oinarrizko edizio-ikastaroa). Saguganbaran egun osoan egongo da zer ikusi eta zertaz gozatu. Hamar jarduera egongo dira goizeko 11:00etatik 20:00ak arte: liburuen aurkezpenak, ikuskizunak, ipuin kontaketak… Ikuskizunik jendetsuena goizeko 12:00etan izango da, Ene Kantak taldearen Satorjator dantzan ikuskizunarekin.

Szenatokian, eguneko ikuskizuna dantzarekin lotuta egongo da. Larrua Proiektuak Baserri lana aurkeztuko du 19:00etan. Dantza garaikideko pieza honek baserriaz eta bertan bizi den familiaz gogoeta egiten du.

Azkenik, egunero bezala, egitaraua Plateruenan amaituko da. 23:00etan Modus Operandi taldeak Zatoz gugaz lana aurkeztuko du bertan.

Zabaldu: